Beste hiru kaleren izenak aldatuko dituzte Memoria Historikoaren Legea aplikatuz

uriola.eus 2016ko abe. 20a, 13:26

Alfonso Churruca kaia (Olabeagan) Zirgarien kaia izango da, Eusebio Garcia Alonso kalea (San Ignazion) Benita Asas kalea izango da, eta Hermogenes Rojo kalea (Zorrotzan) Clara Campoamor kalea izango da.

Udalak, Bilboko beste hiru kaleren izenak aldatu eta izen berriak esleitzea erabaki du, Memoria Historikoaren Legea izenaz ezagutzen den abenduaren 26ko 52/2017 Legea aplikatzeko prozesua betez.

Gauzak horrela, Alfonso Churruca kaia, Olabeagan, Zirgarien kaia izango da; Eusebio Garcia Alonso kaia, San Ignazio auzoan, Benita Asas kalea izango da; eta Hermogenes Rojo kalea, Zorrotzan, hemendik aurrera Clara Campoamor kalea izango da.

Izen berrien esleipena gaur onartu den arren, aldaketa ez da indarrean sartuko 2017ko otsailaren 1era arte, eragindako pertsonak (auzokoak, merkataritzako establezimenduak, higiezinen titularrak…) era egokian eta behar den aurrerapenaz informatuta egon daitezen eta egin beharreko aldaketei buruzko galderak eta zalantzak helarazteko aukera izan dezaten.

Gotzone Zaldunbide Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotziaren esanetan, "badakigu kasu honetan asko direla eragindako etxebizitzak eta negozioak, eta gure helburu nagusia herritarrei erraztasunik guztiak ematea da prozesua ahalik eta erosoena izan dadin".

Horretarako, aipatutako Erabakia onartu ondoren, aldaketaren berri eman zaie eragindako pertsonei, auzo-erkidegoetako Presidenteen zein atarietan itsatsitako InfoBilbao oharren bitartez, eta buzoietan jaso dute aldaketak egoiliarrei eta negozioen jabe eta titularrei ekarriko dizkien ondorioei buruzko osoa. Zalantzak argitzeko 010 / 944 010 010 telefonora ere jo daiteke.

Komunikazio horietan hiru aldaketa garrantzitsuenak zeintzuk diren azaldu da:

1) Egoiliarren agiri pertsonalak (NAN, Pasaportea, Gida Baimena…): Aldatu egin beharko dira berritu behar direnean. Horretarako errolda-agiria behar bada, herritarrei laguntza emateko edozein bulegotan eska daiteke.

2) Etxeetako edo lokaletako jabetzako eskriturak: Etxeak edo lokalak saltzen direnean eguneratuko dira eta adieraziko da aldaketa; Udalak izen-aldaketaren ziurtagiria emango dio interesdunari.

3) Zerbitzuak ematen dituzten enpresak eta erakunde ofizialak (ura, argia, telefonoa…): Kasu horietan, Udalak jakinaraziko die zerbitzuen hornitzaile nagusiei eta erakunde ofizialei (Osakidetza…) kalearen izen-aldaketa.

Bilboko kale-izendegia aldatzea: herritarren partaidetzari irekitako prozesua

Bilboko kaleen izenak berritu eta eguneratzea da, Memoria Historikoaren Legea betez, Juan Mari Aburto Alkatearen gobernu-taldeak agintaldi honetan hartutako konpromisoetako bat. Prozesu horrretan, alde batetik, Memoria Historikoaren Legea bete nahi izan da, eta bestetik, herritarren partaidetzarako bidea ireki da, haiek kale-izen berriak proposa ditzaten. Gogoratu behar da Udalak abian jarritako partaidetza bidezko prozesuan, herritarrek 600 proposamen baino gehiago egin dituztela kaleei eta plazei izenak jartzeko.

Kale-izenen aldaketa bi fasetan egin da, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) landutako txosten bateko gomendioei jarraiki. Lehenengoa aurtengo otsailean bukatu zen, bi kale-aldaketarekin: Espainiako Printzeak zubia kendu eta Salbeko Zubia jarri zen, eta Remigio Vilariño kalea kendu (Begoña auzoan) eta Julita Berrojalbiz kalea izena jarri zioten.

Egindako aldaketa horien bitartez, Salbe Zubiaren kasuan izan ezik, honako helburu hauek bete dira: Bilboko kale-izendegian emakume ospetsuen izenak sartzea, eta urte hasieran abiarazitako partaidetza-prozesuan herritarrek proposatutako 4 izen aintzat hartzea.

Legea betetzeko egindako bost kale horien izen-aldaketei, Bilboko kale-izendegian sartu diren bi kale-izen berri gaineratu behar zaizkie, kasu honetan herritarren eskaerari erantzunez. Bata Yolanda Gonzalez Plazatxoa da, otsailean inauguratutakoa, 1980ean Madrilen erail zuten ikaslearen oroimenez; eta bestea Alazne Lopez Etxebarria Lorategia, maiatzean Zorrotzako plaza bati emandako izena, iaz Alemanian bat-batean hil zen etorkizun handiko dantzari gaztearen oroimenez. 

Hiru kale berrien azterketa

1. Hermogenes Rojo kalea (Zorrotza) - Clara Campoamor kalea

- Aldaketak: Gaur egun 8 zenbaki dauzka. Horietatik lau eraikinetan 90 etxebizitza, 203 biztanle, merkataritzako 10 lokal eta ostatu bi daude. Beste lau zenbakiak Kiroldegikoak eta Udal Bulego Administratibokoak, futbol-zelaikoak, Bizkaia Anbulantzien eraikinekoak eta orube batekoak dira. Zazpi plaka berri jarri behar dira izen berriarekin.

- Clara Campoamor (Madrid 1881- Lausana 1972).  

Emakumezkoen eskubideak defendatu zituen politikaria. Union Republicana Femenina sortu zuen eta emakumezkoen sufragioaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen Espainian. Sufragioa 1931an lortu zen eta emakumeek 1933ko hauteskundeetan erabili zuten eskubide hori. Gerra Zibilean ihes egin behar izan zuen eta Suitzako erbestean hil zen.

2. Alfonso Churruca Kaia (olabeaga) Zirgarien Kaia

- Aldaketak: Zortzi zenbaki dauzka. Horietatik eraikin bitan 15 etxebizitza eta 26 biztanle, eta merkataritzako lau lokal daude. Beste sei zenbakietan frontoia, txoko bat, hutsik dagoen pabiloi industrial bat eta hiru orube daude. Bost plaka berri jarri behar dira izen berriarekin. 

- Zirgariak: Andrazkoen taldeak ziren, lau inguru, eta narras eramaten zituzten gabarrak, ilaran. Lan gogorra eta esker txarrekoa zen, eta euren segurtasuna ere arriskuan jartzen zuten. Jarduera hori Bizkaian egiten zen, itsasadarreko ertzetan, Olabeaga eta Zorrotza artean, ontzien eta bertan sartzen eta ateratzen ziren merkantzien inguruan (bakailaoa, artilea, etab.).

3. Eusebio Garcia Alonso kalea (San Inazio) - Benita Asas kalea

- Aldaketak: Eraikin bi daude, 22 etxebizitza, 54 biztanle eta lokal bi. Plaka bi jarri behar dira izen berriarekin.

- Benita Asas Manterola (Donostia 1897- Bilbao 1968). Irakaslea. Pentsamendu eta militantzia feministaren figura handietako bat izan zen eta gizonezkoen eta andrazkoen eskubide berdintasuna defendatu zuen.