Frankismoaren krimenak ikertzen ari den Maria Servini epaile argentinarrak erregu gehiago egin ditu, eta ondorioz, deklarazio gehiago agindu ditu. Besteak beste, abenduaren 16an deklarazioa hartu zion 97 urteko Julia Lanas Zamakolari Gernikako epaitegian. Bai Julia bai bere familia "gogorki zigortu zituen 1936ko altxamendu militarrak", Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideek adierazi dutenez.
Gaur, abenduak 21, berriz, Tasio Erkiziak erantzun die Bilboko 7. Instrukzio Epaitegian Sevini epailearen galderei 10:30etatik aurrera. 1975. urtean "era basatian torturatu zutela" azaldu dio Erkiziak.
92 urteko Luis Maria Ormazabal Perez ere deitu du deklaratzera epaileak, baina Bilboko epaitegiak "itzuli egin du" Servinik eginiko eskaria. Ormazabal 50eko hamarkadatik jardun da borroka sindikal eta antifrankistan. PCEko kidea da. 60 eta 70eko hamarkadan atxilotua, torturatua eta hainbat aldiz espetxeratua izan zen.
Elkarretaratzea
Frankismoaren zigorgabetasunari 0 tolerantzia lelopean deitu du elkarretaratzea Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformak 10:30ean Bilboko Epaitegien aurrean. Besteak beste, EH Bildu, UdalBerri Bilbao en Comun eta Goazen Bilbao taldeetako ordezkariek parte hartu dute elkarretaratzean.
Argazkiak: Txeng Meng