Hanka bateko tibia eta peronea hautsita ditu Iñaki Ellakuriak eta beste hankako orkatila eta baita aldaka ere. "Inoiz jasandako minik handiena" sufritu zuen astelehen gauean Berlineko gabonetako merkatuko atentatuan kamioiak harrapatu zuenean. "Lehen kasetaren aurka jotzean entzun nuen kamioia", azaldu du Eramus bekadun gazteak bere Twitterreko kontuan (@hinak_nako). "Biratzean, aurrez aurre nuen. Oso azkar zihoan". Iñakiren esanetan, kamioiak "kaseta guztiak eta pertsona guztiak jo ditu".
Min handia izan du Iñakik, "jasanezina", harik eta Krankenhauseko ospitalean artatu zuten arte. Orain, "drogei esker", "ondo" dagoela adierazi du.
EHUko ikaslea da Iñaki, Sarrikoko fakultatean. Erasmus bekarekin praktikak egiten ari da Alemanian. Atentatuaren unean bi lagunekin zegoen, hauek ere euskaldunak, Berlineko gabonetako azokan.
Elkarretaratzea
Berlineko eta Ankarako "atentatuak gaitzesteko" eta "biktimen senide eta lagunekiko elkartasuna adierazteko", Bilboko Udalak gonbita luzatu die herritarrei eguerdian Udaletxeko kanpoko eskalinatan burutu den bost minutuko elkarretaratze isilean parte har dezaten. Juan Mari Aburto alkatea izan du buru ekimenak, Udal Korporazioko gainerako kideak aldean zituela. Atentatuan zauritutako pertsonei "lehenbailehen sendatzea" opatu die alkateak.