Bai Plaza Barrian, bai Areatzan guztira 286 saltoki bisitatu ahal izango dira nekazaritza eta abeltzaintza-azokan 140 ekoizleren bertoko eta kalitatezko elikagaiekin, hazitik azken produkturaino xehetasun guztien kontrolean oinarrituriko ereduarekin. Ortuariak, frutak, gaztak, eztia, kontserbak, ogia, txakolina edo sagardoa izango dira protagonista.
Jardunaldiaren abiapuntua goizean azokari hasiera emateko ekitaldia izango da, eta bertan emakume kirolari ospetsu batzuei gorazarre egingo zaie: Athletic Clubeko emakume jokalariei, Joane Somarriba txirrindulariari, Gaztedi sokatira-taldeari, Rakel Mateo kirolari paralinpikoari eta Maider Unda borrokalariari, kirolean berdintasuna sustatzeagatik.
Omenaldi hau BBK-k abenduaren 19tik 22ra Arriaga antzokiaren plazan jarriko duen txosna solidarioan egingo da. Kooperarekin lankidetzan jostailuak batuko dirazailtasunak dituzten neska-mutikoentzat, Olentzero etxe guztietara iritsi ahal izan dadin. Txosnan BBK-ko langile boluntarioak izango dira beharrean, eta honela txikienak kontzientziarazi gura dira ematearen eta elkartasunaren garrantziaz. Aurten batuko den diru guztia umeei laguntzeko Gurutze Gorriak dituen proiektuetara bideratuko da.
Santo Tomas azokaren inguruko jarduerak amaitzeko, datorren urtarrilaren 11n 2016 Santo Tomas Azokako sariak emango dira BBK Salan, baserritar eta bertoko ekoizleei ere gorazarre egiteko.
Garraioa
Bilboko Metroak era Renfek zerbitzu berezia emango dute gaurko egunean. Maiztasun handiagoa eskaniko dute gaurko espero den jendetzari erantzuteko. Gainera, Bilboko Metroak obretan dagoen San Nikolaseko metrorako sarbidea zabaldu du 9:00etan San Tomas azokara hurbilduko diren bidaiarien joan-etorria errazteko.
Bilboko Konpartsak
San Nikolas aurrean urtero legez paratu duten txosna 11:00etan zabalduko dute Bilboko Konpartsek. Eguerdian, pintxo eta indabak banatzeari ekingo diote, txalapartaren doinupean. 13:00n izango da bertsolarien txanda, Malen Amenabar, Oihana Bartra eta Maialen Akizurekin. 14:00etan gaiteroek joko dute oholtzaren gainetik. Bazkal ostean eta eguna itxi arte, Urrats erromeriak dantzan jarriko ditu hurreratuko diren bilbotar eta bisitari denak. Tartean, 18:30ean, zozketa burutuko dute, bertoko baserritarrek ekoiztutako barazkiak zein baserriko txerriki ekologikoak eta bidezko merkataritzako produktuekin; txosnaren eszenatokitik egingo dute. Bitartean, 20:00etan, Bilbo Kantariren abestaldia irtengo da Kalderapeko tabernatik, Zazpi Kaleetako Txakur kaletik.
[2016-12-20] Bilboko Konpartsek jai eta elkartasun-ekarpena egingo dute San Tomas egunean