Bi autobus erabat elektrikoak, "isil-isilak eta isurketa kutsagarririk gabeak"

uriola.eus 2016ko abe. 22a, 15:21

Udalak, Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailaren bidez, gaur goizean Bilbobus zerbitzuan hemendik aurrera ibiliko diren lehen autobus elektrikoak aurkeztu ditu. Irizar enpresak diseinatu eta fabrikatutako autobus bi dira, apirileko aste lauan probatu zituztenak.

Alfonso Gil Garraio eta Ingurumen Saileko zinegotzi eta alkateordeak esan duenez, Bilbobus izan da lurraldean ibilgailu elektrikoak izango dituen lehen garraio publikoko zerbitzua. "Berriz ere, berrikuntza teknologikoaren abangoardian dago, hobekuntza etengabea izanik eta lurraldeari bultzada emanez".

Irizar enpresak egindako i2e autobusak erabat elektrikoak dira (% 100), eta energiaren erabilera optimizatzeko helburua izanik diseinatu dituzte, orain arte Bilbobusen hiri barruko autobusen prestazioak baino prestazio hobeak izateko. Isil-isilak dira, isurketa kutsagarririk gabeak eta 200 kilometrotik gorako autonomiak eduki ditzakete. Hortaz, hiri barruko ibilgailuen ibilbideetarako oso egokiak dira.

Ibilgailu jasangarriak dira, ohiko errekuntza sistemako autobusen aldean, ibilgailu elektriko hauek bizitza guztian ez dutelako 800 tona CO2 isurtzen.

Sodio-nikelezko bateriak dituzte eta horiek ematen diote energia motor elektrikoari. Gainera, balaztak erabiltzean sortutako energia eraldatu eta energia elektriko bihurtzen du, eta, horrela, baterien autonomia handiagoa da. Beste alde batetik, Bilbobusek exijitzen dituen erosotasun, irisgarritasun eta segurtasun-elementu guztiak ditu, baita erabiltzaileentzat USB kargagailuak eta floten kudeaketa optimoa egiteko sistema guztiak ere.

Erosketa hau Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) emandako diru-laguntza eta bultzadarekin egin da Garraioan eta mugikortasun efizientean inbertsioak sustatzeari begirako laguntzaren bidez (2016. urtea).

Bilbok, horrela, besteak beste, Bartzelona, Londres eta Marseillarekin bat egin du; eta, hiri barruko autobusen artean autobus elektrikoak ditu.

Alfonso Gil Bilboko Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saileko zinegotziak esan duenez, Bilboko Udalak badu konpromisoa hartuta ingurumenarekin, jasangarritasunarekin, ingurumenean eragin negatiboa gutxitzeko konponbideak bilatu eta abian alternatiba jasangarriak jartzearekin; eta ekimen hau dugu horren adibidea.

Areatzan ikusgai

Herritarrek bilbobus elektrikoa abenduaren 24ko goizean ikusi ahalko dute Areatzan. Udalak hantxe jarriko du autobus elektriko berri bat, “azulito” baten ondoan; hau da, Bilboko garraio publikoaren iragana eta oraina elkarren ondoan egongo dira, 10:00etatik 14:00etara.

Berrikuntza jasangarritasunean

Europar Batasuneko biztanleen % 60 hirietan bizi da eta kutsadura desagertaraztea da hiriguneetako erronkarik handien artean dago. Errekuntza-sistemako ibilgailuek CO2-ko isurketen % 40 egiten dituzte eta gainerako kutsagarrien % 70. Autobus elektriko bakoitzeko urtean 88 tona CO2-ko isurketa gutxiago egiten dira eta 33.000 litro erregai aurrezten dira.

Beste alde batetik, kutsadura akustikoa gero eta handiagoa da. Gaur inoiz bain gehiago behar-beharrezkoak dira garraiobide eraginkor, ekologiko eta isilak; ingurua errespetatzen dutenak eta hiriko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen dutenak.