Objektu piroteknikoek eragin ditzaketen arriskuez ohartarazi du Udalak

uriola.eus 2016ko abe. 23a, 08:25

Herritarrei dei egin die Udalak suziriak maneiatzeak segurtasunerako ekar dezakeen arrisku handiaz jabetu daitezen. Hala, aurtengo Gabonetan suziririk eta petardorik ez jaurtitzeko eskaera luzatu du.

Babes Zibileko zerbitzuak, pertsonen segurtasunerako eta hiriko ondasunetarako horrelako materiala maneiatzeak eta erabiltzeak dakartzan arrisku handiez ohartarazi du. Petardo eta suzirien erabilera bidegabeak erabiltzailearentzako erredura zein zauri larriak eragin ditzake eta hartzen duten norabidea aurreikusi ezin denez, besteentzat ere kaltegarria izan daiteke.

Egoera larriagoa da gai horien erabiltzailea adingabekoa izanez gero. Suziriak erabiltzeak gehienetan auzokoei eragozpenak sorrarazten dizkie eta ordena publikoa kaltetu.

Bestetik, suziri eta petardoak hiriko eraikin zein altzarien aurka jaurtikitzeak leku horietan daudenentzako arrisku erantsia ekartzen du eta bilbotar guztien ondarea kaltetu dezake.

Suhiltzaileen esku-hartzeak 2015ean

Aurreko Eguberrietan suziri gehien Gabon gauean, Gabon zahar gauean eta Urteberri egunean bota zituzten. Bilboko suhiltzaileek 55 esku-hartze izan zituzten eta horietako 32 suteak izan ziren.

Urteberri egunean 5 izan ziren zaborren edukiontzietan, sastraketan eta bai ibilgailuren batean ere.

Material piroteknikoekin zerikusia izan zuten sute horiek guztiek. Hori dela-eta, Udalak herritarrei eskatzen die gai piroteknikoak erabiltzeak dakarren arriskuaz jabetu daitezen. Ildo horretan, Bilboko Udaltzaingoak eta Bilboko suhiltzaileek gizalegearen aurkako horrelako jarreren aurrean herritarren laguntza jasotzeko deia luzatu dute, Bilboko udaltzainek egunotan suziriak baimenik gabe sal ez daitezen kontrol zorrotza egiten dabilela gogorarazita.

Babes Zibileko aholkuak

-  Gobernuaren Ordezkariordetzak baimendutako saltokietan erosi behar dira suziriak.

-  Kategoriaren arabera, suziriak maneiatzeko gutxieneko adina kontuan hartu behar da:

a)- F1 kategoria: Arrisku oso txikia. Barrualdeetan erabili daitezke. Gutxieneko adina: 12 urte.
Adibideak: bengalak eta bonbatxoak.

b)- F2 kategoria: Arrisku txikia. Aire zabalean erabili (lorategietan eta abarretan). Gutxieneko adina: 16 urte. Adibideak: petardoak, bengalak eta iturriak.

c)- F3 kategoria: Tarteko arriskua. Estali gabeko lekuetan erabili, eremu handi eta zabaletan. Gutxieneko adina: 18 urte. Adibideak: trumoiak, trakak eta bolanderak.

- Su artifizialak, bolanderak eta abar bota baino lehen, igotzeko eragozpenik sortu dezakeen ezer ez dagoela egiaztatu.

- Ez isiotu beste suziri batzuen ondoan.

- Ez gorde suziriak poltsikoetan edo arropetan.

- Ez piztu eskuan daukazula, jarraibideetan beren beregi horrela adierazten badu.

- Ez jarri gorputzik, ez esku edo bestelako atalik, suziriaren gainean edo aurrean.

- Ez jaurti pertsonen, animalien edo ondasunen kontra.

- Errespetatu barrualdeetan soilik erabili daitezkeela, jarraibideetan beren beregi horrela adierazten badu.

- Metxa urrunen dagoen muturretik piztu.

- Haizeari bizkarra emanda piztu.

- Ez jarri botilen edo laten barruan.

- Bere osagairik ez maneiatu eta ez atera edukirik, berau bilduta dagoen euskarritik.

- Ez piztu akatsen bat badauka edo hondatuta badago.

- Metxa piztuta dagoenean, urrundu berehala. Ez bada behar bezala piztu, itxaron gutxienez 30 minutu hurbildu baino lehen eta, metxa bere horretan badago, piztu berriro. Osterantzean, suziria urez betetako ontzi batean sartu eta bertan utzi gutxienez 8 orduz.

- Ez erosi suzirik bere ontzian edo bilgarrian ez badago.

- Gogoratu!: Gai piroteknikoen sailkapenaren barruko kategoriari dagozkion arau osagarriak daude eta etiketan agertu behar dira.

Udaltzaingoaren ikuskapenak

Egunotan, Bilboko udaltzainek ikuskapenak egingo dituzte hainbat saltokitan, goizez eta arratsaldez. Ikuskaritza horiekin batera, kaleko salmenta ibiltariaren kontrol zorrotza egingo da Gabonetako eta merkealdietako kanpainetan.

2015ean Bilboko Udaltzaingoak 20 konfiskazio egin zituen; horietako 13 dendetan eta gainerakoak kalean. Guztira 37,23 material pirotekniko konfiskatu zuen.

Udaltzaingoaren helburua zero kotara heltzea da, hots, legez kanpo saldutako suziri bat ere ez egotea eta inor ez izatea lesionatua edo zauritua.

Kanpainaren helburuak

- Suziriak baimenik gabe saldu, biltegiratu eta edukitzearen aurka zaintza-lanak egin, kontrolatu eta ekintza horiek eragoztea.

- Material hori baimenik gabe daukatenak eta behar ez bezala edo modu arriskutsuan erabiltzen dituztenak harrapatzea, horretarako, segurtasunean, lasaitasunean eta ordena publikoa mantentzean oinarritutako arrazoiak daudenean.

- Materiala konfiskatzea eta dagokion salaketa jartzea.

- Konfiskatutako materiala gordailuan uztea eta zaintzea, segurtasuneko baldintza egokietan.

Udaltzaingoaren aholkuak Gabonetara begira

Bestalde, alkohola edatea eta gidatzea bateragarriak ez direla gogorarazi nahi digu Udaltzaingoak. Beraz, jai-egun hauetan, alkohola kontsumitzen diren ospakizunetara joateko eta Gabonetako ohiko erosketak egiteko garraio publikoa erabiltzea gomendatuta dago. Horrela, ez da ibilgailuen pilaketa handirik izango.

Era berean, diru-zorroen lapurrentzat sasoi hau aproposa dela kontuan hartu behar da. Hori dela eta, pertsona ugari dabiltzan lekuetan arduraz jokatzea gomendatzen da. Ipini diru-zorroa leku seguruan, ostu egin gura badigute konturatzeko modua izan dezagun.

Azkenik, ohiko bizilekutik kanpo luzaroan egonez gero, argia, ura eta gasaren emaria etetea eta ateak nahiz leihoak ondo ixtea komeni da -baita giltzaz itxi beharreko etxebizitzara sartzeko atea ere-. Halaber, gure konfiantzapeko ingurunetik kanpoko inori ez zaio esan behar etxebizitzan ez garela egongo. Bidaiatu baino lehen, ziurtatu errepideen egoera eta aztertu ibilgailua. Gidatu beti arretaz, eta gogoratu garrantzitsuena ondo itzultzea dela eta ez beste ezer.