Inpunitatearekin ez dago demokraziarik

Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataforma 2016ko abe. 26a, 13:24

Argazkia: Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataforma

Bukatzear dagoen 2016. urte honetan ere izan ditugu Espainiako Gobernuaren aldetik hainbat traba eta eragozpen, frankismoaren krimenei buruzko ikerketa, salaketa eta ekimenak burutzeko oztopo etengabeak jarriaz.

Estatuko Fiskaltza Nagusiak pasa den irailaren 30ean emandako aginduak ere bide oztopatzaile horretatik doaz, baina Servini epaileak bidalitako erregu edo exhortoei bidea emateko epaile batzuk izan duten jarrera baikor eta duina medio, agindu haiei muzin eginaz, Bilboko eta Gernikako Epaitegietan bi biktimek ahal izan dute bere deklarazioa aurkeztu abenduko azken hilabete honetan.

Zoritxarrez, beste Bilboko eta Eibarko epaile batzuk ez dute jarrera berdina izan eta beste bi biktimek ezin izan dute bere deklarazioak egin. Honek frogatzen du espainiar epailetzak orokorrean zein gainditu gabeko irakasgai larria duen oraindik demokraziarekin eta defendatzea helburutzat duten Justiziarekin, baita Justizia Unibertsalaren eskakizunak betetzeko duten erantzukizunekin.

Europako Legebiltzarrak berak ere Espainiari ohartarazi dio frankismoaren krimenei buruzko ikerketak egin behar dituela. Pasa den abenduaren 13an ohartarazi zion azkenengoz, Nagy txostenaren barnean onartutako erabaki batetan, 63. atalean hain zuzen, non literalki jasoak izan diren Memoriaren aldeko Estatu espainiarraren Eurodiputatuen Taldeak aurkeztutako hiru emendakin. Talde honetako partaide dira Izaskun Bilbao Barandika eta Josu Juaristi Abaunz gure euskal eurodiputatuak, eta baita Marina Albiol Guzman, Ernest Maragall, Jordi Sebastia, Josep-Maria Terricabras, Ramon Tremosa i Bacells, Miguel Urban Crespo, Ernest Urtasun, eta Francesc Gambus eurodiputatuak ere.

Areto europarrak gogorarazten dio gaiari buruz dauden gomendio internazionalei muzin egiteak Eskubide Estatuaren funtsezko printzipioak apurtzen dituela, eta bat egin du Nazio Batuek nahiz Europako Kontseiluak emandako gomendioekin Espainiak diktadura frankistak egindako krimen guztiak irmo iker ditzan.

Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformak testuinguru honetan antolatuko ditu 2017rako inpunitatearen aurkako bere ekimen guztiak, kontuan izanik 1936ko kolpe militarraren aurkako erresistentzia heroikoaren suntsiketa eta hondamendi osoaren 80 urteurrena izango dela. Gernika, Eibar, Durango, Otxandio, Bilbo, Donostia, Iruña, Irun… eta Hego Euskal Herriko beste hainbat herrik zuzenean sufritu zuten frankismoak erakarritako errepresioaren eta erailketen uholde bortitz hura. Baita Holokaustoaren Egun Internazionala izango denez, gogoratuko ditugu frankismoaren sarraskietatik ihesean bere kolaboratzaile ziren naziek Alemaniako kontzentrazio esparruetan hil zituzten ia 200 euskal presoak ere.

Gure herriek eta hiriek ez dute ahazten. Azken hilabete hauetan bere instituzio munizipalek frankismoaren krimenei buruzko lanak hasi dituzte egia eta justizia eskatzeko. Bere bizilagun biktimen defentsan udal bakoitzak frankismoak eragindako zitalkeri guztiez kereilak irekitzeko asmoak geroz eta gehiago indartzen ari dira, eta askok bat egingo dute Memoriaren aldeko hiriak ekimenarekin, berriki hartua izan dena Estatu guztiko udal garrantzitsu batzuen aldetik Iruñeko bilera batetan, bertan plazaratutakoa urriaren 27an Agiri Munizipalista batetan.

Estatu espainiarreko udal batzuk, hala Zaragoza, Tarragona, Bartzelona, A Coruña, Cadiz, Rivas Vaciamadrid edota Miranda de Ebro…; edo Hego Euskal Herriko instituzioak, Arabako Batzar Nagusiak, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak, baita hainbat uUdal: Iruñea, Gasteiz, Gernika, Eibar, Orereta, Otxandio, Elgeta, Durango, Berriz, Larrabetzu, Urduña… ari dira jorratzen kereilak jartzeko prozedurak beraien udalerri eta eskualdetan frankismoak eragindako krimenen aurka.

Nahiz eta bere azkeneko diskurtsoan Borbon berriak esan ahaztu egin behar dela, zauri zaharrak ireki gabe, berak eta bere erregimenak mantentzea nahi duten inpunitatearen aurkako bidea garden markatua dago: hemen eta orain egia guztia exijitu; eta behar den justizia egin 1936ko kolpe faxistatik aurrera izan ziren krimen guztiekin.

Inpunitatearekin ez dugulako demokraziarik: 'Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez!'.

 

Testua: Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataforma