Metroko bi zaindariri Eguberri-egunean eginiko erasoa ikertzen ari da Ertzaintza

uriola.eus 2016ko abe. 26a, 08:00

San Mameseko metro geltokian, abenduaren 25eko goizean gazte talde batek Prosegur enpresako bi segurtasun zaindariri eraso egin zien, Segurtasun Sailaren arabera. Ikerketa abiarazi du Ertzaintzak. Oraindik ez da atxiloketarik izan.

7:40ean izan zen erasoa, San Mameseko geltokiko laugunean. Bikote bat metrotik eztabaidatzen irten zen, eta betiere salaketaren arabera, mutila makinei ostikoka hasi zen. Segurtasun zaindari bat bertaratu, lasaitzeko eskatu, eta mutila eztabaidan hasi zen harekin. Geroago, eraso egin zion, eta zauriak eragin zizkion ahoan, hortzetan batez ere.

Beste zaindari bat bertaratu zen, laguntzeko asmoz, eta lehenengo erasotzailearen bizpahiru lagunek eraso zuten. Metroko langileak zauri arinak ditu buruan eta besoan. Bi zaindariak bajan daude, erasoaren ondorioz.

 

Erantzunak

CCOO sindikatuak metroko langileak "nazkatuta" daudela jakinarazi du, segurtasun pribatuko zerbitzuan hainbat aldiz "segurtasun neurrien falta" dela salatu du.

UGT Prosegurreko arduradunek duela hilabete exijitu zizkioten metroko zuzendaritzari "segurtasun neurri gehiago". Euren iritziz, erasoak izaten jarraituko dute Metro Bilbaoko kudeatzaileek haien erantzukizunak ekiditen dituzten bitartean.