Markina. Francoren bilobari gutuna Ximun Fuchsek zuzentzen duen antzezlanean, 1936ko guda zibilak eta frankismoaren ondareak euskaldunongan, egungo gure gizarte hurbilean, egonkortu dituen zauri eta gaitzak taula gainean. Pertsona eta istorio errealistak bihotz aurrean; eta noizbehinka obran tartekatutik irratietatik hartutako benetako audioak, “los vascos siguen contanto las batallas de sus abuelos”. Nire aitite etorri zait gogora, guda zibilean gudari gisa borrokatutako eta eskumako izterrean bala zuloa jasotako, gauetan oraindik abionetak entzuten eta ikusten eta sentitzen zituen, aitite ekonomialaria.
Bilbo. Uda da, Kalealdia, nazioarteko kale antzerki jaialdia. Aste osoko programazio izugarria, sei kale antzezlan egunean. Astelehena, Lurrak 22:30ean Arriaga plazan! Baina ordubeteko iraupena eta etxera bueltatzeko metrorik ez. Asteartea, Hazipenen pozak! Baina gaueko ordu berean, etxera bueltatzeko zerbitzu publiko berezirik ez. Asteazkena, 22:30 Vincles, baina ez dago futbol partidurik, beraz, beranduagora arteko garraio zerbitzu publikorik ez. “Jakina, hau kontsumo minoritario bateko aisialdia da neska”, erantzun dit, lagunak.
Bilbo 2. Etxean, atzoko erreportajea irakurtzen, Kanbodiako ikasle eta Khmer Gorrien sarraskitik bizirik ateratako hiritarrek, euren historiari buruzko antzerkia eskaintzen hasi dira, eskolaz-eskola. “Orduan, zer egin beharko genuke tragedia hau berriro gertatu ez dadin?” desafio gisara aktore gazteak; “ausartak izan” erantzuna genozidiotik bizirik irtendako andrak. Gizartea berrezteko tresna; herri baten zauriak oholtzara berriro ere.
Hezkuntzarako tresna. Pentsatzen hasi naiz. Kanbodia eta Euskal Herria. Hezkuntza, berez edozein herrialde edozein motako pobreziatik ateratzeko tresnarik baliotsuena. Izan ere, ikasteko gaitasunik gabe, gure aurrekoen bizitza errepikatzea besterik ez dugu; grina eta gaitasuna izanda, aurrekoen egitura onak hartu, bai, baina beste asko hobetzeko ahalmena izango dugu. Antzerkia, irakasten eta erakusten digutena baino askoz ere tresna boteretsuagoa da heziketarako, hezkuntzarako. Antzerkiak, gure ebakiak erakutsi eta horiek errepikatzea saihesteko ausardia erakusteaz gain, agintzen duten edo agintzen gaituztela pentsatzen duten horien okerrak erakusteko ere balio dezake; eta antzerkiari balioa era askotan erantsi dakioke, kanpotik, baina batez ere, bakoitzaren barne-paisaiatik.
Izan gaitezen gure hezkuntzaren publiko aktibo, eta ez dezagun gure buruaz beste egin, antzerkia lagundu eta sustatzen ez duen herria, hilda ez bada, hilzorian baitago (Lorca).
Testua: Irati Agirreazkuenaga
Argazkia: elsoftwarelibre.wordpress.com