Jone Artola txupinera izateko galerazpena baliogabetu dute

uriola.eus 2016ko abe. 27a, 09:25
Justizia jauregiaren aurrean Jone Artolari babesa emateko Bilboko Konpartsen elkarretaratzea

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baliogabetu du 2013an Jone Artola txupinera izendatzeko Administrazioarekiko Auzien Aretoak ezarritako galerazpena. Bilboko Konpartsek baikortzat jo dute ebazpena. Gaur, ebazpenaren berria jendarteratzeko agerraldia egingo dute konpartsek. 

"Behingoz" EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak ebatzi du txupineraren hautaketaren inguruko 660/2016 (1 sekzioa) apelazio-prozesuari dagokionean. Horixe zioen atzo zabaldutako agiri batean Bilboko Konpartsak Federazioak 2013an Txori Barrote konpartsako Jone Artola txupinera izendatu zenetik gaur arte luzatu den auzi bidearen inguruan. 

2013an esandakoa berretsi dute konpartsek ebazpena ezagutu ondoren: "Ez dago oinarri juridikorik ezta sozialik Bilboko Konpartsen txupinera-aukeraketa eta ondoren Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoari horren berri jakinaraztea horrelako prozesu juridiko batean amaitzeko".

Beste behin, Aste Nagusiko ikonoak "errespetatzeko" eskatu dute konpartsek. Horregatik irizten diote jai ezaugarriak "kanpoko beste mota bateko eztabaidaguneetara eramateak" Aste Nagusiari ez diola "ezer onik ekartzen ezta ekarpenik egiten".

Bilboko Konpartsek "berdintasun eta neutraltasun politikoaren printzipioei" eutsi nahi diete. Horrek, besteak beste, "haien joera ideologiko eta politikoengatik inolako herritar ez baztertzea dakar, beti ere, herritarren joera horiek zilegizkoak badira". 

2013an Jone Artola txupinera izendatzeak "biktimen duintasuna eta eskubideak" kaltetzen zituela eta, Estatuko Abokatuak errekurtsoa aurkeztu zuen Administrazioarekiko Auzien Aretoan, Carlos Urkijo Gobernuko ordezkariak eskatuta. Orduko hartan aretoak behin behinean gelditu zuen Jone Artolaren izendapena eta aurreragoa behin betiko ebazpen gisa berretsi zuen. Ebazpen horren aurka apelazioa aurkeztu zuten bai Bilboko Udalak bai Bilboko Konpartsek. Oraingo honetan arrazoia eman die Udalari eta konpartsei Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak aurreko ebazpena baliogatuz.   

 

Carlos Urkijoren dimisioa eskatu du EH Bilduk 

EAEko Auzitegi Nagusiaren "ebazpen sendoaren" ondorioz, EH Bildu koalizioak Urkijoren dimisioa zein egun okupatzen duen karguaren desagerpena eskatu du. Alba Fatuarte zinegotziak leporatu dio Urkijori "herritarrak jazartzea bere ideien politikoengatik", eta hori "onartezina da demokrazia batean". 

Fatuartek adierazi du Urkijok Artolaren kontrako "gurutzada" hasi zuela "jakinda pertsona horrek alkate izateko, Urkijo beraren postua izateko edota Espainiako presidente izendatua izateko eskubidea zuela. Eta hori prebarikazioa da".
 
"Zorionez", gaineratu du zinegotziak "ez zuten 2013ko Aste Nagusian haien helburua lortu, eta ez dute lortu orain ere. Bilbotarren gehiengoarentzat Jone Artola izan zen 2013ko txupinera. Duintasunez eta normaltasunez egindako lana".
 
Fatuartek gogoratu du "biktimak umiliatzen duena Alderdi Popularrak egiten duen erabilera alderdikoia dela". Horregatik guztiagatik, zinegotziak Alderdi Popularrari eskatu dio "ez dezala egin Aste Nagusiaren jai ereduaren kontra. Herritarren babesa duen ereduaren kontra, alegia".