Udalak obra egiteko baimena eman dio Ogasun Ministerioari bere egoitzako ikur frankista kentzeko

uriola.eus 2016ko abe. 28a, 09:15

Argazkia: Sergio Rodriguez Carvajal

Zerga Administraziorako Estatu Agentziaren Ordezkaritzako eraikinak, Moyua plazan, dimentsio handiko ikur frankista du goialdean. Memoria Historikoaren Legea urratzen duela eta, hainbat aldiz eskatu dute bertatik kentzeko zenbait elkartek eta norbanakok. Udalak obra egiteko baimena eman dio Ogasun Ministerioari, hortaz, ikurraren ezabaketarako pausoak hasiak dira ematen.  

Sare Antifaxistako iturriek jakitera eman dutenez, enpresa espezializatu bati eskatu dio Agencia Tributariak Bilboko ordezkaritzako eraikinean dagoen ikur frankistaren egora aztertzeko bere ezabaketa "erarik ziurrenean egiteko". Izan ere, dimentsio handiko ezkutua da, altuera handian kokatua eraikinaren goialdean, joan-etorri handiko plazan Moyua plazan kokatua.

Erabakitzeke dago ikurra piezaka desmuntatu edo armarriko zuloak bete eta erabat estaliko duten. Arrano frankista kendu eta ezkutua dagoen lekuan uztea da beste aukeretako bat.    

"Udalaren onespena badute jada ikurra kentzen hasteko", adierazi dute pozik Sare Antifaxistako kideek. Oroimen historikoaren lanketan jarduten duten elkarteen aspaldiko aldarrikapena da Agencia Tributariako egoitzako armarri frankistaren ezabaketa. 

 

Argazkia: Sergio Rodriguez Carvajal