Bilbon Bizik 100 bizikleta berri jarri ditu zerbitzuan

uriola.eus 2016ko abe. 29a, 08:40

Udalak 100 bizikleta berri ipini ditu Bilbon Bizi Mailegu Automatikorako Zerbitzuan. Ibilgailu berriak atzo goizean aurkeztu zituzten Sabino Arana etorbidean dagoen mailegu puntuan. Puntu hori eta San Frantziskokoa Mugikortasun Astean inauguratutako azken lekuetako batzuk dira. Leku bi horiekin, Bilbon Bizi zerbitzuak 31 puntu dauzka bizikletak hartzeko eta uzteko.

Aurkezpenean, Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasuna eta Jasangarritasuna zinegotzi ordezkariak aurreratu zuen datorren urtean Bilbon Bizi zerbitzuak unitate elektrikoak izango dituela. "Udalean elektrifikazioaren eta bizikletarako egokitasunaren alde egin dugu, bizikleta eta uriko gainerako garraiobideak maila berean jartzeko. Eta apustu hori bizikletak etorkizuneko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren (HMJP) diseinuan daukan garrantzian geratzen da agerian", adierazi zuen.

Bizikleten flota handitzeko, 51.902,95 euro inbertitu dira. Erosketa hori Energiaren Euskal Erakundeak lagundu du diruz, Garraio eta Mugikortasun Eraginkorrerako Inbertsioetarako Laguntzen Programaren bidez (2016). Ehun bizikleta berri horiekin batera, orain zirkulazioan dauden 40 kenduko dira, flota berritzeko. Hortaz, bizikleta berriekin, Bilbon Bizi zerbitzuaren flotan 250 bizikleta izango dira.

Bizikleta berriek daukaten berritasunetako bat da atzeko gurpila zulatuen aurkakoa dela. Denak dira gorriak, Bilbon Bizi mailegu zerbitzuko ibilgailuak Sailak kudeatzen dituen garraiobideetako bat direla jakiteko, eta torlojuak eta aurreko otzarak altzairu herdoilgaitzezkoak dira.

303.610 txirrindulari kontatu ditu Eco Totemek

Iazko azaroan, Bilboko Udalak lehen Eco-totema ipini zuen hiri altzarietan. Eco-totema bizikleten joan-etorria detektatzen duen sistema da, sentsore bat erabilita.

Horrela, bada, Bilbo izan da zenbatzaile hau daukan Euskal Autonomi Erkidegoko lehen hiria. Izan ere, udaletxearen aurretik igarotzen diren bizikleten kopurua erregistratzen du. Sistema horren bidez denbora errealean zabaldu daitezke bizikleten joan-etorriei buruzko datuak, eta txirrindularien kopuru zehatza ziurta daiteke.

Totemak pantaila bi dauzka: batek bizikleten maiztasuna neurtzen du egunero eta besteak urteko datu metatuak ematen ditu. Urtarrilaren 1etik abenduaren 15era arte, 303.610 txirrindulariren joan-etorria zenbatu du.

Sistema neurtzaile horrek Zazpi Kaleetan sartzen diren eta Deusturantz irteten duten bizikleten zenbakia, data eta ordua erregistratzen ditu. Europako beste hiri batzuetan, esaterako Varberg-en (Suedia), Fribourg-en, Karlsruhe-n, Offenbourg-en (Alemania) edo Bartzelonan, mota horretako sistemak daude herritarrak sentsibilizatzeko eta bizikletak garraiobide urbano eta jasangarri modura daukan garrantzia azpimarratzeko.

Bilbon Bizi zerbitzuak 16.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu 2016an

Abenduaren 15era arte, 16.018 pertsona zeuden Bilbon Bizi Bizikleten Mailegu Automatikorako Zerbitzuko erabiltzaile modura erregistratuta eta urtean zehar, egun horretara arte, 331.837 mailegu egin dira. Horrek esan nahi du egunero 973 mailegu egin direla, iazko aldi berean egindakoak baino % 26 gehiago.

Zerbitzuaren erabilerari buruzko estatistikak

Zerbitzu hori erabiltzen duten % 92,53 pertsona Bilbon bizi da, % 6,31 Bizkaiko beste udalerri batzuetakoa da eta % 1,16 lurralde horretatik kanpo bizi da. 30 eta 44 urte bitarteko pertsonak dira zerbitzua gehien erabiltzen dutenak, eta 18 beherakoek (kontuan hartuta gutxieneko adina 16 urte dela) eta 75 urte gorakoek beste muturrean daude. Zerbitzua erabiltzen duten % 70,13 pertsona gizonezkoek dira eta % 29,87 andrazkoak dira.

Bizikletak gehien erabiltzen diren ordu-tarteak 12:00ak eta 16:00ak bitartekoa eta 17:00ak eta 21:00ak bitartekoa dira. Gehien erabiltzen den mailegu-puntua Arriaga plazan dagoena da.

Bilbon Bizi aplikazioa 1.000 bider baino gehiagotan jaitsi da

Bilbon Bizi doako aplikazioa mila bider baino gehiagotan jaitsi da iazko irailean abian jarri zenetik (Bilbon Bizi aplikazioa, Google Playn eta App Storean dago). Aplikazioaren bidez, erabiltzaileek puntu bakoitzean zenbat bizikleta eta horiek uzteko zenbat leku dagoen begira dezakete; zerbitzuaren gorabeherekin lotutako informazioa ere kontsulta daiteke. gainera, geralekuen mapa bat, kilometro-kontagailua, CO2ren emisioen adierazlea eta telefono interesgarriak daude. Aplikazioa euskaraz eta gaztelaniaz erabiltzeko konfigura daiteke.