Korrika 20

Tito Serrano, AEK: “Korrika ekonomikoki laguntzeko modua da Korrika Laguntzaile izatea”

uriola.eus 2016ko abe. 29a, 11:55

Otxandion hasiko da 20. Korrika 2017ko martxoaren 30ean eta Iruñean amaituko da apirilaren 9an. Bilbotik apirilaren 6an, osteguna, pasako da. Batzuk lelopean, Korrikaren sortzaileak omenduko ditu.

Korrikak baditu "bere denborak eta bere momentuak", Tito Serrano 20. Korrikako arduradunaren esanetan. "Denok gaude martxoaren 30a noiz iritsiko zain 20. Korrika hasteko", eta bitartean AEK-ko lagunek "gauza asko eta asko" egiten dituzte. Horietako bat Korrika Laguntzailearen kanpaina da. Horrekin hasten dira normalean Korrikaren agerpen publikoa egiten. "Aspalditxo asmatu genuen modua da Korrika ekonomikoki laguntzeko".

12 euroren truke laguntzaile izan daitezke interesdunak. "Laguntzaileei pin bat ematen diegu eta txartel bat zeinak aukera ematen duen hainbat denda eta saltokitan merkeago erosteko". Adibidez bidaiak, abokatuen zerbitzuak zein arropa merkeago eskura ditzakete horrela. Korrika Laguntzaile izateko AEK-ko euskaltegietara eta Korrika-dendetara jo daiteke edota AEK eta Korrikaren webguneetara.

 

Korrika-denda

Betiko moduan Korrikako arropa da Korrika-dendan eskaintzen dutena: kamisetak, izerditakoak, txanoak… gazteentzat, adinekoentzat, baita umeentzat ere. "Beti eskaini izan ditugun produktuak eskaintzen ditugu oraingoan ere, jakina 20. Korrikako irudi eta leloarekin", dio Serranok. Aipagarriena dendaren kokapena bera izan daiteke. "Justu gure etxe aurrean lortu baitugu Korrika-denda jartzea". Ostegun eta ostiraletan zabalik dago arratsaldez eta larunbatetan eta gabon garaian egunero goiz eta arratsaldez.

 

Korrika Batzordeak

AEKrentzat "oso garrantzitsuak" dira Korrika Batzordeak. Gabonetako oporren bueltan, urtarrilean hasiko dira martxan Euskal Herriko txoko desberdinetan, "baita Bilbon ere", tokian tokiko batzordeak. Korrika martxan jartzen duten lantaldeak dira karrera bera heldu baino lehenago. Auzo eta herrietan aurkezpen zabalak egiten dituzte, Korrika Kulturaleko jarduerak antolatzen dituzte eta prestatzen dituzte inportantea den unerako prestatu beharreko gauza guztiak. Baita martxoaren 30ean Otxandion egoteko modua ere.

 

Jaia

Berezitasun gisa, 20. Korrikako omenduei gorazarre egiteko, Korrikaren sortzaileei alegia, Irunen jai erraldoia antolatu du AEK-k. Jai horretara gonbidatuta daude Korrika maite duten lagun guztiak eta Korrikan parte hartu duten lagun guztiak. Otsailaren 11n izango da.

 

www.korrika.eus

www.aek.eus