14 kilo material pirotekniko konfiskatu dituzte salmenta irregularraren aurkako Gobonetako kanpainan

uriola.eus 2016ko abe. 30a, 08:30

Suzirien arauz kanpoko salmenta ikuskatzen ari da Bilboko Udaltzaingoa. Hala, Gabon hauetako kanpainako lehen egunetan 46 esku-hartze burutu dituzte; horietako 4 saltokietan, 14 kilo material pirotekniko konfiskatuz, eta 42 kalean.

Udalak herritarrei dei egin die suziriak maneiatzeak segurtasunerako ekar ditzakeen arrisku handiaz jabetu daitezen. Hala, aurtengo Gabonetan suziririk eta petardorik ez jaurtitzeko eskaera luzatu du.

Babes Zibileko zerbitzuak pertsonen segurtasunerako eta hiriko ondasunetarako horrelako materiala maneiatzeak eta erabiltzeak dakartzan arrisku handiez ohartarazi du. Petardo eta suzirien erabilera bidegabeak erabiltzailearentzako erredura zein zauri larriak eragin ditzake. Hartzen duten norabidea aurreikusi ezin denez, besteentzat ere kaltegarria izan daiteke.

Egoera larriagoa da gai horien erabiltzailea adingabekoa denean. Suziriak erabiltzeak gehienetan auzokoei eragozpenak sorrarazten dizkie eta ordena publikoa kaltetu.

Bestetik, suziri eta petardoak hiriko eraikin zein altzarien aurka jaurtikitzeak leku horietan daudenentzako arrisku erantsia ekartzen du eta bilbotar guztien ondarea kaltetu dezake.

Ildo horretan, Udaltzaingoak gizalegearen aurkako horrelako jarreren aurrean herritarren laguntza jasotzeko deia luzatu du, udaltzainek egunotan suziriak baimenik gabe sal ez daitezen kontrol zorrotza egiten dabiltzala gogorarazita.

Udaltzaingoaren ikuskapenak

Egunotan, udaltzainek ikuskapenak egingo dituzte hainbat saltokitan, goizez eta arratsaldez. Ikuskaritza horiekin batera, kaleko salmenta ibiltariaren kontrol zorrotza egingo da Gabonetako eta merkealdietako kanpainetan.

Orain arte, Gabonetako kanpainan 14 kilo material pirotekniko konfiskatu dituzte. 46 esku-hartze burutu ditu Bilboko Udaltzaingoak. Konfiskatutako material gehiena 4 saltokitan konfiskatu du. Beste 42 esku-hartzeak kalean izan dira gazteei material piroteknikoa maneiatzean ohikoak diren jokabide okerrez ohartarazteko eta horiei aurrea hartzeko.

Iaz baino gutxiago konfiskatu dute aurten; iaz 35 kilo konfiskatu baitzituzten.

Udaltzaingoaren helburua zero kotara heltzea da, hots, legez kanpo saldutako suziri bat ere ez egotea eta inor ez izatea lesionatua edo zauritua.

Kanpainaren helburuak:

• Suziriak baimenik gabe saldu, biltegiratu eta edukitzearen aurka zaintza-lanak egin, kontrolatu eta ekintza horiek eragoztea.

• Material hori baimenik gabe daukatenak eta behar ez bezala edo modu arriskutsuan erabiltzen dituztenak harrapatzea, horretarako, segurtasunean, lasaitasunean eta ordena publikoa mantentzean oinarritutako arrazoiak daudenean.

• Materiala konfiskatzea eta dagokion salaketa jartzea.

• Konfiskatutako materiala gordailuan uztea eta zaintzea, segurtasuneko baldintza egokietan.

Udaltzaingoaren aholkuak Gabonetarako

Bestalde, alkohola edatea eta gidatzea bateragarriak ez direla gogorarazi nahi digu Udaltzaingoak. Beraz, jai-egun hauetan, alkohola kontsumitzen diren ospakizunetara joateko eta Gabonetako ohiko erosketak egiteko garraio publikoa erabiltzea gomendatuta dago. Horrela, ez da ibilgailuen pilaketa handirik izango.

Udaltzaingoak alkohola eta droga kontrolatzeko kanpaina bat burutzen ari da.

Era berean, diru-zorroen lapurrentzat sasoi hau aproposa dela kontuan hartu behar da. Hori dela eta, pertsona ugari dabiltzan lekuetan arduraz jokatzea gomendatzen da. Ipini diru-zorroa leku seguruan, ostu egin gura badigute konturatzeko modua izan dezagun.

Azkenik, ohiko bizilekutik kanpo luzaroan egonez gero, argia, ura eta gasaren emaria etetea eta ateak nahiz leihoak ondo ixtea komeni da -baita giltzaz itxi beharreko etxebizitzara sartzeko atea ere-. Halaber, gure konfiantzapeko ingurunetik kanpoko inori ez zaio esan behar etxebizitzan ez garela egongo. Bidaiatu baino lehen, ziurtatu errepideen egoera eta aztertu ibilgailua. Gidatu beti arretaz, eta gogoratu garrantzitsuena ondo itzultzea dela eta ez beste ezer.

Suhiltzaileen esku-hartzeak 2015ean

Aurreko Eguberrietan suziri gehien Gabon gauean, Gabon zahar gauean eta Urteberri egunean bota zituzten. Bilboko suhiltzaileek 55 esku-hartze izan zituzten eta horietako 32 suteak izan ziren.

Gabon zaharrean 24 sute izan ziren. Horietako 20 zaborren edukiontzietan izan ziren eta 4 etxebizitzetan.

Urteberri egunean 5 izan ziren zaborren edukiontzietan, sastraketan eta bai ibilgailuren batean ere.

Material piroteknikoekin zerikusia izan zuten sute horiek guztiek. Hori dela-eta, Bilboko Udalak herritarrei eskatzen die gai piroteknikoak erabiltzeak dakarren arriskuaz jabetu daitezen.

Ildo horretan, Bilboko Udaltzaingoak eta Bilboko suhiltzaileek gizalegearen aurkako horrelako jarreren aurrean herritarren laguntza jasotzeko deia luzatu dute, Bilboko udaltzainek egunotan suziriak baimenik gabe sal ez daitezen kontrol zorrotza egiten dabilela gogorarazita.