Sei urtetik beherako umeak dohainik ibili ahalko dira Funikularrean

uriola.eus 2017ko urt. 2a, 08:30

Udalak lautik sei urtera igo du ordaintzeko adina. Doako txartela egongo da ere itsuei edo gurpildun aulkietan doazenei lagun egiten dieten pertsonentzat.

Sei urtetik beherako umeak dohainik ibili ahal dira Artxandako Funikularrean atzotik, urtarrilaren 1etik aurrera. Artxandako Funikularraren Administrazio Batzordeak, azaroaren 25ean egindako bileran, Bilbobusen irailetik hona indarrean dagoen neurri hau abian jartzea erabaki zuen.

Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren proposamena mugikortasun jasangarriaren sustapenari eta hobekuntzari bide berriak irekitzeko helburuaren barruan sartzen da.

Bestalde, Artxandako Funikularraren Administrazio Batzordearen bilera berean aho batez onartu zen doako txartela jartzea itsuei edo gurpildun aulkietan doazenei lagun egiten dieten pertsonentzat. Neurri berbera aurki sartuko da indarrean Bilbobusen, Udalbatzarreko talde guztiek onartu ondoren.

Funikularrak lanegun guztietan funtzionatzen du 07:15etik 22:00etara. Jai egunetan 08:15etik 22:00etara eta udako hiletan (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila) 23:00ak arte luzatzen du bere ordutegia.

Tunelaren aldean erraila konpontzeko lanak egin dira oraintsu, oinarriko hormigoi armatuzko lauza, errailaren ainguraketak eta finkatze-sistemak barne.

Alfonso Gil, Bilboko Udaleko Alkateorde Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak aurreratu duenez, eta abenduko azken datuak jakin barik, “2016ko aurreikuspenak garraio honen erabiltzaileen kopurua gehitzea, iazkoarekin alderatuta, eta 800.000 erabiltzailetik gora iristea da.”