2.265. saioa eskainiko du gaurkoan Estatuko zikleklub beteranoenak bere 64. urteko ibilbideari hasiera emanez. Okasiorako 70eko hamarkadaren hasieran Hollywood irauli zuen filma pantailaratuko du Karmengo Aretoan. Peter Bogdanovitxek The Last Picture Show filma, hain zuzen ere. Izar handiez betetako akzio beteko super-produkzioetatik at landu zuen zuri-beltzeko istorio hau, inongo interesik ez duen herri txiki bateko gazte batzuek helduarora igarotzeko prozesua abiapuntutzat hartuta.
Filmak Oscar sarietarako zortzi izendapen lortu zituen –besteak beste, zuzendari onenaren eta gidoilari onenaren sarietarako izendapenak Bogdanovitxentzat–, eta azkenean, Akademiak bigarren mailako antzezle onenen sariak eman zizkien Ben Johnsoni eta Cloris Leachmani filman egindako interpretazioengatik. Horien ondoan, zinema munduan ia-ia hasi berriak ziren Jeff Bridges, Cybill Sheperd eta Timothy Bottoms ditu protagonista.
Hiruhileko programazioaren gainerako saioak
Datorren astean, zineklubak, bazkideentzako saio berezia antolatuko du urteko estreinaldirik igurikatuenetako bat aurkezteko: Maren Aderen Tony Erdmann filma, Canneseko Jaialdian oso kritika onak jaso eta iparramerikar Akademiak Oscarren hurrengo edizioan ingelesa ez den beste hizkuntza bateko kategorian lehiatzeko aukeratu duen lan bikaina.
Ez da hau denboraldi honetako plater gozo bakarra, izan ere, Fas zineklubak Risttuules eta El ornitólogo filmen estreinaldiak ere eskainiko ditu. Risttuules (In the Crosswind), Martti Helde zuzendari estoniarraren debuteko lana, urtarrilaren 31n pantailaratuko da. Baserriko neska batek senarrari idatzitako gutunen bitartez, Soviet Batasunak Bigarren Mundu Gerraren garaian estoniarrak Siberiara eramateko egindako deportazio masiboak deskribatzen ditu. Horrez gain, filmak erabiltzen duen estilo berritzaileari esker, Ernaren ahotsak animatu gabe ageri diren eszenak deskribatzen ditu, antzez guztiak geldirik daudela eta kamerak agertoki osoa arakatzen duen bitartean.
Bestalde, El ornitólogo filma Lisboako João Pedro Rodrigues zinegilearen azken lana da. El fantasma, Morir como un hombre eta La última vez que vi Macao filmen zuzendariak zineklubeko publikoaren aurrean aurkeztuko du. Bertan, zikoina beltzak ikertzeko asmoz, Portugal iparraldeko basoetan barna sartzen den ornitologo baten bidaia iniziatikoa azalduko du. Proiekzioa otsailaren 21erako programatuta dago, eta Bilboko Zinegoak Zinema eta Arte Eszeniko Gaylesbotransen Jaialdiarekin batera egingo da. João Pedro Rodrigues dugu aurtengo lehen zuzendari gonbidatua, baina gonbidatuen zerrenda horretan (bigarren hiruhilekoan bada ere), Jonas Trueba eta Isaki Lacuesta bezalako izenak ageri dira dagoeneko.
Lehen hiruhileko honetako klasikoen artean, La última película deritzonarekin batera, Michelangelo Antonionik 1957an filmatutako Il grido (Garrasia) nabarmendu behar da. Il grido filmak, zinegile italiarrak inkomunikazioaren trilogian (La aventura, La noche eta El eclipse tarteko dituena) garatuko zituen gaietako asko aurreratzen ditu, baina landa-giro latz batean kokatuta eta 50eko hamarkadaren amaierako langile-klase italiarraren deserrotzea islatzen duten pertsonaien bitartez. Otsailaren 28rako programatuta dagoen emanaldiaren aurretik, Antonionik Friedrich Hölderlin poeta erromantiko alemaniarrarekin eta Friedrich Nietzsche filosofoarekin izandako hartu-emanak aztergai dituen Toni Abaden Cállate la boca liburua aurkeztuko da.
Azkenik, denbora hasierako alderdirik nabarmenenen artean, Las mil y una noches trilogiaren proiekzioaren hasiera ere aipatu behar da. Honen bidez, Miguel Gomes zinegile portugaldarrak (Tabú edota Aquel querido mes de agosto dokumentalaren egilea) krisiak bere herrialdean eragin dituen ondorioei buruz hausnarketa egin du. Filmetako lehenak, El inquieto izenburua daramanak, fantasiazko elementuak eta errealitatetik hartutakoak nahasten ditu kontakizun laburrez osatutako mosaiko bat sortzeko, errealismo magikoarekin eta Saramagorekin zorretan dagoen Sherezade moderno baten ahotsak lotuta.
Estatuko zineklub zaharrena eta Europako bigarrena
Gaurkoa Europako bigarren zineklub zaharrenaren eta Estatuko zikleklub beteranoenaren 2.265. saioa izango da. Sei hamarkada luzetan, Fas zinekluba Bilboko kultur erakunderik beteranoenetakoa bihurtu da, eta asterik aste, autorearen zinema eskaintzen du, jatorrizko bertsioan eta zuzendariak, antzezleak eta zeluloidearen munduko beste gonbidatu batzuk tarteko dituen solasaldien laguntzaz.
Fas zinekluba Eliza Katolikoaren ekimenez sortu zen 1953an –izena “bidezkoa, komenigarria edo zilegizkoa” esan nahi duen hitz latinoa da–, eta harez geroztik, kultura zinematografikoaren nahitaezko erreferentzia bilakatu da, bere eragin-eremua Bilbotik harantzako zabaldu delarik. Pedro Olea, Enrique Urbizu, Alex de la Iglesia, Pablo Berger eta Ernesto Del Rio gisako zinegileak eta kritikari eta kazetari espezializatu asko Fas zineklubaren emanaldietako ohiko ikusleak izan dira luzaro, eta kultura sustatzeko egindako lanaren eskerronez, erakundeak denetariko sariak eskuratu ditu, Bilboko Ospetsuak aintzatespena barne. San Bizente Zineman –oraingo Kafe Antzokian– egindako egonaldi luzearen ondoren, zineklubak Karmen Aretoan antolatu ditu azken bi hamarkadetako saioak, Indautxu Plazan dagoen izen bereko elizaren beheko aldean.
Sei hamarkadatik gorako ibilbidean, Fas zineklubak hainbat estreinaldi eskaini ditu, areto komertzialen programari kontrapuntua jarriz, Bilboko zinemazaleei Hollywoodeko ereduetatik urrun dauden beste zinematografia eta beste zinegile batzuk ezagutzeko aukera eskainiz, eta klasikoak –'Zinemaren Mekakoak' ere– berrikustea xede duten saio ugari antolatuz. Zineklubak bazkideek denboraldiz denboraldi berritzen dituzten kuotei esker funtzionatzen du, baina noizbehinkako ikusleek ere badute saioetara sartzeko aukerarik, sarrerak erosiz, aretoko jarleku guztiak bete arte.