Garikoitz Mendizabalek eta Aitor Furundarenak musikaz marraztu eta margotu egingo dute; kaleidoskopio baten moduko marrazkiak, forma poliedrikoez, koloreak uztartuaz, bolumenak sortuaz, eta guzti honen bitartez, emozio berri eta biziak sentiaraziaz. Txistua eta akordeoia dituzte pintzel: hauspoa, haizea, botoiak, zuloak, partxeak... etengabeko jolasean murgiltzen dira denak, bat eginda, interprete eta tresna bakarra bailira. Erdi aroko musika, berpizkundekoa, barrokokoa, hainbat herritako folklorea, Sarasate, Vivaldi, Guridi...
Ekitaldian zehar Isidro Ansorena, Gorka Hermosa, Jesus Guridi, Antonio Vivaldi, Pablo de Sarasate, Sabin Bikandi eta V. Montiren obrak interpretatuko dira, besteak beste.
Urtarrilaren 25ean, asteazkena, Txistulari Banda eszenatokietara bueltatuko da, Gaztedi dantza taldearekin batera eskainiko duen musika eta dantza ikuskizunarekin. Okasio honetan, Euskalduna Jauregiko A1 Aretoan izango da emanaldia.
Bilboko Udal Txistulari Banda
Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.
Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte. Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: 'Bilboko Udal Txistu Banda' (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin 'Harizko Txistua' (2006); 'Hala ere' (2007) Kepa Junkera, Pello Ramirez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; 'Bihurrikeritan' (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; 'Kantari Gabonetan' (2010) Leioako Kantika Koralarekin; 'Plazan' (2014) romerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; eta azkena, 'X Urte, hamaika lagun' (2015) DVDa heuren hamargarren urteurrena ospatzeko.
Aitor Furundarena
Ordizian jaio zen 1970ean. Soinujolea, moldatzailea eta musikagilea. Konposizio ikasketak Francisco Eskuderorekin egin zituen eta soinuari zegozkionak Carlos Iturralderekin. Ondoren, hobekuntza ikastaroak egin zituen nazioarteko ospea duten hainbat irakaslerekin; hala nola, Claud Ballif eta Max Bonnayrekin, Parisen, eta Mogens Ellegaardekin Royal Academy of Music delakoan, Copenhagen (Danimarka). Bakarlari moduan aritu da orquestra desberdinetan; esaterako, 'Les Jeunes Solistes' taldean eta Frantziako Orkestra Nazionalean. Musika garaikideak eta herrikoiak sortzen dion grinak artista askorekin elkarlanean aritzera eraman du. Hauen artean Faltriqueria, Patxi Kaleko, Amaia Zubiria, Pantxoa eta Pello, Txomin Artola eta Larraitz Ugartemendia daude. Bere lan diskografiko aipagarrienak 'Akordeoi Klasikoa', 'Juanita' eta 'Eta orain badakit' dira eta Antzerki, Zine eta Telebista proiektuetan ere hartu du parte. Egun, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko (Musikene) irakasle da.
Garikoitz Mendizabal
Garikoitz Mendizabal txistuaren adierazgarririk onena da; musika-tresna honekin eta euskal kulturarekin guztiz konprometiturik dagoen musikaria. Goi Mailako Gradua du Txistuan eta Karrera Amaierako Ohorezko Saria lortu zuen Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Euskal Herriko Txistularien Lehiaketan bi sari irabazi zituen eta 2002an lehenengo saria eskuratu zuen Errenterian ospatutako Txistularien Banden Sariketan, Gasteizko Txistularien Bandarekin batera. Banda horren zuzendaria ere izan zen. Musika-talde ospetsu ugarirekin egin du lan barkarlari moduan: Madrilgo Erkidegoko Orkestra Sinfonikoarekin, The Bratislava Symphony Orchestrarekin, St Petersburg State Symphony Orchestrarekin, Bartzelonako Liceuko Orkestrarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, Hego Koreako Chun Cheon Philarmonic Orchestrarekin eta Gyonbook Philarmonic Orchestrarekin eta Madrilgo Udal Bandarekin, esate baterako. Folk musika-taldeekin ere kolaboratzen du, besteak beste Korrontzirekin, eta Carlos Núñez eta Kepa Junkeraren mailako artistekin hainbat musika proiektu gauzatu ditu. Garikoitzek diskografia zabala du. Bilboko Udal Txistularien Bandaren zuzendaria da egun, eta bakarlari moduan ere aritzen da. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kide da.