uriola.eus

Dantzan jarriko dituzte Errekaldeko udaltegira hurbiltzen diren ume eta gurasoak

  Euskara  Bilbo

Apirila bitartean 2 eta 8 urte bitarteko umeei zuzendutako 60 jardueratik gora eskainiko ditu Ikusi eta Ikasi programak Bilboko auzoetan. Bat, Bi, Hiru... Festa! taldeak Goazen dantzara saioa zuzenduko du gaur, hilak 18, asteazkena, Errekaldeko udaltegian, 18:00etan. 

Dantzan jarriko dituzte Errekaldeko udaltegira hurbiltzen diren ume eta gurasoak
Bat, Bi, Hiru... Festa! taldea (Argazkia: www.azkuefundazioa.eus) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikuskizuneko protagonistak herri txiki batetik etorritako bi pailazo dira. Bakarrik dantza egitea gustuko ez dutenez, haur, gazte eta helduak dantzatzera eta abestera animatuko dituzte. 

Bihar, osteguna, hilak 29, Zikun Zirko taldekideek Bidaibizitzen saioa eskainiko du. Zirkun eta Tinaren istorioa antzeztuko dute, bizikleta magiko ete berezi batean egingo duten bidaia. Bidean abentura mordoa bizi eta pertsonaia dibertigarri ugari ezagutuko dituzte. Lagun horiei esker bizitzari buruzko gauza garrantzitsu asko ikasiko dituzte bi pertsonaiek. Hitzordua 18:00etan iznago da Tivolin, Epalza Alagurnaren ikastetxean.

 

Ikusi eta Ikasi

Ondo pasatuz euskararen erabilera ume bilbotarren artean bultzatzea da Ikusi eta Ikasiren helburua. "Aisialdirako eta modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz", adierazi dute ekimenaren arduradun Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariek. 

Hamahirugarren edizio honetako eskaintza era askotakoa da: antzerkia, magia, musika, dantzak, pailazoak, zirkoa, txotxongiloak, ipuin-kontalariak eta sabeliztuna; gainera, tailerrak, esate baterako, sukaldaritza, mozorrogintza, musikaterapia, barreterapia, sormenezko eraikuntza eta sendabelarren tailerrak. Aurten ere gurasoei orientabideak emateko hitzaldiak egongo dira, seme-alabei eskoletako lanak egiten laguntzen jakiteko eta emozioak kudeatzen ikasteko. Azken hau berria da. 

Programak apirilaren 5era arte iraungo du. Guztira, aisialdia, kultura eta hezkuntza uztartzen dituzten 66 jarduera garatuko dira Abandoko, Begoñako, Basurtuko, Errekaldeko, Castañoseko, Santutxuko, eta Zorrotzako udaltegietan, Indautxuko Karmen eta Bilborock aretoetan, Abusuko liburutegian, Euskararen Etxean (San Ignazio) eta Tiboli, Zamakola eta Iruarteta eskoletan.

Aurten hiru leku berri egongo dira: Euskararen Etxean San Ignazion, Abusuko liburutegia eta Iruarteta eskola San Adrianen. Horrela Bilboko ia auzo guztietara helduko da programa.

Udalak ahalegin handia egin du txikien artean oso harrera ona duen Ikusi eta Ikasi programari eusteko eta kalitatea hobetzeko. 13. edizioan programazio berezia egongo da. Guztira, 31 ikuskizun, 28 tailer eta gurasoentzako 7 hitzaldi eskeiniko dituzte.

 

Sendabelarren tailerra: tailer berria

13. edizioan tailerren kopurua handiagoa izango da. Iaz 24 izan ziren eta aurten 28 izango dira. Tailer berri bat izango da aurten: sendabelarren tailerra. Beraz, iazko sukaldaritza, musikoterapia, mozorrogintza eta sormenezko eraikuntza eta barreterapia-tailerrei, sendabelarrei buruzkoa gehituko zaie.

Aurten jende guztiak nahi duen tailerrean plaza lortzeko aukera bera izateko zozketa bat egingo da izena eman duten pertsonen artean.

Tailer eta jarduera guztiak 18:00etan hasiko dira, Deustuko Bidarte udaltegian antolatutakoak izan ezik. Hauek 11:00etan garatuko dira.

 

Gurasoei emozioak kudeatzen irakasteko hitzaldia

Aurreko edizioen ildo beretik, aurten ere Iñaki Eizmendi hezitzaileak zenbait hitzaldi eskainiko ditu gaztelaniaz, gurasoei orientabideak emateko. Eizmendik horietan euskaraz ez dakiten gurasoei seme-alabei lagundu ahal izateko orientabideak emango dizkie.

Beste alde batetik, lehenengo aldiz, euskaraz izango dira hitzaldi batzuk gurasoek emozioak kudeatzen ikasteko, gurasoak emozioetan hezteko eta horren ondorioz emozioen kontrol ona edukitzeko, seme-alaben etorkizuneko garapenerako gakoa baita. Eukene Larrea psikologo eta terapeutak emango ditu hitzaldiok. Heziketa emozional ona edukita, problema askori modu egokiagoan egingo diete aurre.

Hitzaldietara joateko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Hala ere leku mugatuak egongo dira. Guraso zein interesdunek www.ikusietaikasi.net webgunean programazioa, albisteak, bideoak eta agenda kontsultatu ahal izango dituzte; baita aholkuak, tresnak eta baliabideak jaso ere.

 

Iazko edizioan 6.500 pertsonatik gora izan ziren parte-hartzaileak

Ikusi eta Ikasi programak 13 urte bete ditu jadanik, 2005ean hasi zenetik, euskararen erabilera bultzatzeko asmoz ume bilbotarren artean aisialdirako, eta beti modu dibertigarrian. Iazko edizioan Ikusi eta Ikasi programak 6.505 pertsona batu zituen eta magiaz, musikaz, sukaldaritzaz, antzerkiaz edota dantzaz gozatu ahal izan zuten.

2017/01/18 18:00

Errekaldeko udaltegian Bilbo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa