Korrika 20

20. Korrikak 40 kilometro egingo ditu Bilbon zehar

uriola.eus 2017ko urt. 11a, 10:29

Korrika 19 Bilbon (argazkia: www.korrika.eus)

Ibilbidearen eta ordutegien berri eman dute Korrikako arduradunek. Apirilaren 6an, Zorrotza auzotik sartuko 20. Korrika Bilbon 17:00ak aldera eta, 40 bat kilometro egin ostean, Elorrietatik irtengo da 21:30ak inguruan. 

2.535 kilometro egingo ditu Otxandiotik Iruñera bidean 20. Korrikak. Horietatik 40 kilometro Bilboko kaleetan egingo ditu apirilaren 6an, ostegunarekin bat. Arratsaldez sartuko da Ezkerraldetik Zorrotzara. 16:52ean aurrikusi du AEK-k Bilbora heltzea. Gutxi gorabehera lau ordu eta erdi emango ditu auzoz auzo. Elorrietatik irtengo da 21:30ak aldera, Sondikarantz. 

Aizu aldizkariak plazaratu du Korrikaren ibilbidea (hemen).

 

Kilometroak eskuragai

Korrikako arduradunek URIOLAri jakinarazi diotenez, Bilboko 40 kilometroak eskuragai daude jada. Kilometroren bat erosi nahi duenak AEK-ko edozein euskaltegira jo dezake, eta bertan jarriko dute harremanetan Korrikako ordezkariekin. 

 

Jaia otsailaren 11n

Berezitasun gisa, 20. Korrikako omenduei gorazarre egiteko, Korrikaren sortzaileei alegia, Irunen jai erraldoia antolatu du AEK-k otsailaren 11n. Jai horretara gonbidatuta daude Korrika maite duten lagun guztiak eta Korrikan parte hartu duten lagun guztiak. 

 

www.korrika.eus

www.aek.eus