Baliabiderik gabeko adinekoei orientazio juridikoa emateko zerbitzuak 407 kasuri erantzun die lehen urtean

uriola.eus 2017ko urt. 11a, 08:30

Bilboko baliabide ekonomiko gutxiko 60 urtetik gorako pertsonei orientazio juridikoa emateko zerbitzuaren lehenengo urtearen balantzea egin du Udalak. Lehenengo datuen arabera, 407 kasuri eman zaie arreta: 2015eko azaroan eta abenduan 84 izan ziren eta 2016an 323.

Gizarte Ekintza Sailak bultzatutako programa honekin arlo juridikoko zalantzak argitu nahi zaizkie adineko pertsonei; zerbitzu hori abokatutzako profesionalek emango dute auzoetan dauden Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako hurbileko zerbitzuaren bidez. Era horretan, zerbitzua jasotzen duten adineko pertsonek eurei axola zaizkien gaien lege-alderdiei buruzko ezagutza hobetuko dute, horrela, kasuan kasuko zerbitzuetara bideratuz mota juridikoko arazoak konpontzen laguntzeko.

Kontsultak, batez ere, testamentuei, herentziei eta ondorengotzei (97 hitzordu), eta auzokoekin dituzten arazoei eta jabetza horizontalari (53 kasu) buruzkoak izan dira. Beste gai hauei buruz ere egin dituzte kontsultak: Gizarte Segurantzaren pentsioak eta gizarte prestazio eta zerbitzuak; dibortzioak, hitzarmen arauemaileak eta bisita-erregimenak; kontsumoa, banka eta aseguruak; laguntza eta agiri judizialei buruzko informazioa, eta, behar izanez gero, doako justiziaren eskabidea; ezgaitze judiziala eta tutoretza judiziala eta administrazioen aurrean egin beharreko beste izapide batzuk (izaera sozialik ez dutenak).

Zerbitzura jotzeko bidea hau da: hitzordua eskatu 94 420 47 66 telefono-zenbakian eta horrela, Bizkaiko Abokatuen Elkarteko profesionalek banako arreta emango dute, informazioa eta orientazioa emateko saioetan elkarrizketa bat edo bi eginez.

Zerbitzua astelehenetik barikura emango da, 10:00etatik 11:00etara bitartean, Udalaren gizarte zerbitzu hauetan:

• Astelehena: Santutxuko Oinarrizko Unitatea.

• Martitzena: Errekaldeko Oinarrizko Unitatea.

• Eguaztena: Basurtuko Oinarrizko Unitatea.

• Eguena: San Frantziskoko Oinarrizko Unitatea.

• Barikua: Deustuko Oinarrizko Unitatea.

Hauek dira aurten hitzordu gehien eman dituzten barrutiak: Errekalden, 96 prozesu, Begoñan, 84 prozesu, Ibaiondon, 50 eta Deustun, 50. Aholkularitza eskatu duten pertsonen adinari dagokionez, gehienak 65 eta 69 urte bitartekoak izan dira.

Zerbitzu hau emateko Bilboko Udalak hitzarmena egin zuen 2015eko azaroan -aurtengo ekitaldirako luzatu egin zuen- Bizkaiko Abokatuen Elkartearekin. Programak balorazio ona izan duela ikusita, Gizarte Ekintza Sailak, aurten, 2017an, ere emango du doako zerbitzu hori.