Martxoaren 31ra arte, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Otxarkoagako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Errekaldeko eta Burtsako Udaltegietara hurbiltzen direnek, oso adierazpen estilo eta teknika anitzak erabiltzen dituzten lau artistaren lau pintura erakusketaz gozatu ahal izango dute. Artistak Mª Angeles Ruiz de Gopegui, Jorge Ronda Suberviola, Nistal Mayorga eta Bizkaiko Arte Elkartea dira. Horrez gain, Maria Casuso Aguado eta Iñaki Marquinaren argazki erakusketak ere izango ditugu.
Programako lehenengo erakusketek datorren astelehenean zabalduko dituzte ateak. Horrela, San Frantziskoko udaltegiak, Bizkaiko Arte Elkarteak sinatutako bilduma eklektikoa jasoko du. Hainbat gai, formatu eta teknika erakusten dituzten 25 artelanek, akuarelak, olioak eta akrilikoak, osatzen dute bilduma.
Begoñako udaltegiko erakusketa aretoak, bere aldetik, Mª Angeles Ruiz de Gopegui artistaren erakusketa batekin irekiko du Expodistritoren edizio hau. Olio pinturan ibilbide luzearen ondoren, Euskadiko Akuarelagileen Elkartearen eskutik teknika horretan murgildu da. Pintura erakusketa da, baita ere, Errekaldeko udaltegian inauguratuko den erakusketa, Jorge Ronda Suberviola bertako artistak naturan oinarrituta prestatu duen bildumarekin.
Otxarkoagako udaltegiko erakusketa aretoak jasoko du urtarrileko bigarren hamabostaldirako programatu den argazki erakusketetako bat, Maria Casuso Aguado argazki-kazetariaren eskutik. Epealdi honetarako erakusketa egutegia Iñaki Marquinaren irudiekin osatuko da. Oraingo honetan, egunero hirian inguruan ditugun elementu paregabe horiek omendu nahi ditu egileak, ikusle guztiok, ondoan izan arren ikusten ez ditugun gauza horiei buruzko gogoeta egin dezagun.
Otsailera itxaron beharko da Expodistrito ekimeneko programazioa osatzen duen seigarren erakusketa bisitatu ahal izateko, programazio honen barruan dagoeneko ezaguna den Nistal Mayorga margolari bilbotarrak aurkeztutakoa. Oraingo honetan, begirada baten bitartez sentimenduak eta emozioak transmititu nahi dituzten margolanak eskainiko dizkigu. Dena inguratzen duen kolorea funtsezkoa da artelan horietan.
Expodistrito programa, Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Ohikoa denez, erakusketak txandakatuz joango dira. Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazioa jasotzen duen webgunean (www.kulturabarrutik.eus eta www.bilbaokultura.eus) eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.