Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, kulturarekin eta literaturarekin erlazionatutako informazioan espezializatuta dagoen Cesar Coca kazetaria izango da.
Gabriela Ybarra (Bilbo, 1983) gaztelaniazko egungo Euskadi Literatura Sariduna da, bere lehenengo liburua den El comensal eleberri autobiografikoarengatik. Bertan, egilea, heriotzarekin eta familiarekin duen erlazioa ulertzen ahalegintzen da, bi gertakariren azterketaren bitartez: bere aitonaren hilketa ETAren eskutik 1977an eta, amaren heriotza, itxuraz erraz gainditzekoa zen arren nahastu eta heriotza azkarra eta inguruko pertsona guztientzako egonezinez betea eragin zion minbiziaren ondorioz.
Gabriela Ybarrarekin batera, datorren asteartean Carlos Pardo (Madril, 1975) idazle, editore eta literatur kritikaria egongo da Eztabaidak literaturarekin saioan. 19 urte zituela idatzi zuen bere lehenengo poema liburua, eta ordutik bere presentzia etengabea izan da poesia garaikide antologiatan. Literatur kritikari gisa aritzen da hainbat argitalpenetan, Anonima poesia aldizkariaren zuzendaria da, eta 2011ra arte Cosmopoética izeneko Kordobako nazioarteko poesia jaialdia zuzendu zuen.
Pardok bi eleberri eta lau poesia liburu ditu argitaratuta, eta 'Los allanadores' poesia liburuak Ojo Critico saria lortu du. Bere lanean behin eta berriro agertzen den ezaugarria, autobiografiaren aurrean duen interesa da, berak adierazi duen bezala, "gizarteak ze eragin duen geure buruari buruz pentsatzen dugunean, geure nortasuna osatzen dugun moduan. Esperientzia bati esanahia ematen diogun moduan".
2007ko urtarrilean Eztabaidak literaturarekin egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 10.000 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Gaur egun, duela hamarkada bat bezala, egitarauaren helburua literaturarekin topaketarako eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, topaketa bakoitzera gonbidatutako pertsonekin jende aurreko solasaldiaren bitartez.
Joan den 2016. urtean hauek hartu zuten parte Eztabaidak literaturarekin egitarauan: Martin Olmos eta Pablo Martinez Zarracina, David Safier eta Joaquin Berges, Laura Freixas eta Anna Caballe, Jon Alonso eta Jon Arretxe, Javier Reverte eta Luisa Etxenike, Xabier Gutierrez eta Ines Ortega, Jasone Osoro eta Gotzon Barandiaran, Blanca Riestra eta Eider Rodriguez, Felipe Benitez Reyes eta Eduardo Mendicutti, eta Paco Etxeberria eta J. M. Mulet.