Plataformaren aburuz, urteurrena "juduen aurkako sarraskia aitortzetik haratago" jotzeko baliatu behar da, batik bat, nazien kontzentrazio eremuetan preso izan ziren "pertsona guztiak aintzat hartzeko". EAEko eta Nafarroako 200 bat pertsona izan ziren nazien eremu horietan, 10.000 errepublikazale espainiarren artean. Erdiak kontzentrazio eremuetan hil ziren, plataformaren arabera.
Urtarrilaren 27an, Holokaustoaren Mundu Egunean, erakunde publikoen babesa jasotzea espero du Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformak. Hauxe da plataformak erakundeei igorri dien adierazpena: Giza basakeriarik nagusienetako bat.
[Adierazpena] Giza basakeriarik nagusienetako bat
Nahiz eta Auschwitz gaur egungo aroan izan den giza basakeriarik nagusienaren ikur bilakatu, Holokaustoa bezala ezagutu dena beste esparru alemaniarretan ere hedatua izan zen, eta ez zituzten juduen aurka bakarrik eraiki, nahiz eta zentzu horretan maiz bideratua izan urteroko urtarrilaren 27an egiten den Holokaustoaren Egun Internazionalean. Nazien aurka borrokatu zuten alemaniar, frantziar, italiar, espainiar, kataluniar eta euskaldun askok ere pairatu zituzten III Reich-ak eragin zuen zoramenak eraiki zituen sarraski esparru guzti haiek.
Mauthausen, Gusen, Dachau, Buchenwald, Ravensbrück (emakumeena)... Eta beste hilketa eta triskantza esparruek ere, Auschwitz berak, edo Bergen Belsen, Flossenbürg, Natzweiler, Neuengamme, Sttuthof, Sachsenhausen, Gross-Rosen, Aurigny, Guernesey, Neu Bremm... ezagutu zituzten espainiar Estatutik zetozen errefuxiatu guztietatik 10.000 borrokalari inguruk, nortzuk frankismoak eragindako sarraskitik ihesi frantziar esparruan sartu ondoren 'errefuxiatu gune' iraingarrietan bilduak izan zirenak eta geroago, 1940tik aurrera, hilketa esparru horietara eramanak. Erdia baino gehiago bertan hil ziren.
Gertakizun haietatik 75 urte inguruk aldentzen gaituzte, baina politika faxista, arrazista, klasista, xenofobo eta baztertzaile haietatik ez gaituzte hainbeste urtek aldentzen. Bat ere ez, egun hainbat bider errepikatzen, edo elikatzen, edo justifikatzen ere, diren kasuei erreparatzen badiegu.
Batzuk oraindik sarraski haiek ukatzen ari dira, edo txikiagotzen... Nahiz eta 1945etik aurrera hainbat adierazpen internazional izan (Giza Eskubideenak, Eskubide Zibil eta Politikoenak, Berdintasunarenak, Herri eta Nazioen Askatasunarenak...), askotan aurkitzen ditugu zenbait kasu intentzio guzti horiek bertan behera uzten dituztenak, sortutako arauak betetzen ez direlako eta inpunitate osoz jarraitzen dutelako.
Hori da, hain zuzen, espainiar Estatuan gertatzen dena. Bere administrazio eta gobernu ezberdinek sekula ez dute Holokaustoaren biktimak defendatu eta gertatutakoa salatu; barne holokaustoarekin, frankismoarekin, berdin egiten dute, eragindako biktimak babesgabe utziaz, baita ezkutatuaz ere, krimenen erantzuleek inpunitate zitalaren babesarekin bere pribilegioekin eta onurekin jarraitzen duten bitartean. Horren lekuko dugu Estatuaren Fiskaltza Nagusiak duela gutxi hartu duen erabakia, frankismoaren krimenen ikerketa debekatuaz.
Holokaustoaren Egun Internazional honetan nazien aurka borrokatu zuten guztiak omentzea nahi ditugu, baina batez ere 200 inguru borrokalari euskaldunak.
Bego gure oroimen eta begirune handiena beraientzat. Faxismoaren aurkako eta askatasunaren aldeko bere borroka Euskal Herriko memoria historikoren atal garrantzitsu bat izango da beti.
Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataforma
Euskal Herria, 2017.01.27