"Ezinbestekoa da erasoak ozen salatu eta jendarte mobilizazioa hauspotzea", Emakumeen Mundu Martxa osatzen duten kolektibo eta elkarteek adierazi dutenez. Hori dela eta, hainbat hiri eta herritan egin diren deialdietan parte hartzeko mezua zabaldu dute. Mobilizazioak Eraso sexistarik ez lemapean egingo dira.
Bilbon, gaur, hilak 18, asteazkenean izango da, 19:30ean Arriaga plazan.
Alternatibak badira
LAB sindikatuak indarkeria sexista "egungo sistema heteropatriarkarraren izozmendiaren muturra" dela adierazi du, "erro sakon eta zabalak dituen matxismoaren adierazpiderik bortitzena, baina ez bakarra".
"Ez gara istripuez edo saihestu ezin diren dramaz ari, arazo sozial eta politiko batez baino, alternatibak dituena". LABen iritziz, egungo ereduak bultzatzen dituen "botere harremanak iraulita" zein harreman parekide eta justuagoetan oinarrituko den "jendarte bat eraikita" egingo zaio aurre indarkeriari modurik eraginkorrenean.