Indarkeria sexista

18 urteko emakume bati sexu erasoa egin diote asteburuan

uriola.eus 2017ko urt. 18a, 11:28

Emakumeak salatu duenez, Bilbo erdiko diskoteka batean konortea galdu zuen eta Santutxun esnatu zen sexu eraso zantzuekin. Ondorioz, Ertzaintza burundanga deritzon droga berarekin erabili zuten ikertzen dabil. 

Larunbatean, urtarrilak 14, goizaldeko 02:00ak aldera, Bilboko erdiguneko diskoteka batean zegoela azaldu zion Ertzaintzari emakumeak, eta momentu horretatik aurrera ez duela gertatutako ezer gogoratzen. Ordu batzuk geroago Santutxun esnatu zen eta beraz, burundangapean egon zitekeela salatu du. Droga horren bitartez, erasotzaileek biktimaren sumisioa bilatzen dute honengan amnesia egoera bat eraginez. Asteburuko kasuan emakumeak amnesia sufritu zuen eta indarkeriak zantzuak zituen.

Basurtuko ospitalean artatu eta sexu erasoen protokoloa aktibatu zuten.

Abenduaren 6an antzeko kasu bat gertatu zen Bilbon. 19 urteko emakume bat Kasilda Iturrizar parkean esnatu zen minduta eta erdi biluzik. Kasu horretan ere, erasotuak ez zuen aurreko gauean gertatutakoa gogoratzen. Basurtuko forenseek jakinarazi zutenez sexu eraso batekin bat zetozen lesioak zituen.  Ertzaintzak 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuen urtarrilaren 2an Beasainen erasoa egotzita.