Zuerako espetxean (Zaragoza) hil zen Serrano urriaren 14an “bakarrik”, familiak eta Salhaketak diotenez, "bere zeldako larrialdi interfonoak ez baitzuen funtzionatzen”. Hiru hilabete geroago, gertukoek ezin izan dute gorpua ikusi eta heriotzaren inguruan "gardentasuna" eskatu dute; “oinarrizkoa den bermezko autopsia oso bat". Azaroaren 11n, epaitegiak errauste edo ehorzpenaren artean aukeratzeko eskatu zien senideei "egun batetik bestera, frogarik gabe, ganorazko autopsiarik gabe… gutxieneko daturik eman gabe aukeratzeko eskatzen ziguten", azaldu du bere bikoteak. Egoera horren aurrean errekurtsoa aurkeztu zuten eta egun, ebazpenaren zain daude. “Bere heriotza eta hiru hilabete beranduago, bere gorpuak ehortzi gabe dirau. Suposatzen da Zaragozako Institutu Anatomiko Forentsean dagoela, baina hau ere ezin dugu ziurtatu ez baitigute informaziorik errazten. Erantzun eza lazgarria da”.
Serranok tratamendu psikiatrikoa zuen preskribatuta; botika egunean zehar hiru alditan hartu behar zuen. Baina Zuerako espetxean, bere heriotza baino hiru aste lehenago, tratamendu guztia funtzionarioek gainbegiraturiko bi alditan (bazkari eta afariarekin) hartzera behartu zutela azaldu dute agerraldian. Sinkopeak pairatzen zituen eta mihia urdindurik zuen. Sendiak argi du "osasun arreta ezegokiak" erail duela.