‘Santurtzi-Bilbo’ lasterketan lortutako diru kopuruaren zati bat jaso du Bizkaiko Medicusmundi elkarteak

uriola.eus 2017ko urt. 19a, 09:00

Atzo goizean Bilboko Udaletxean Bizkaiko Medicusmundi GGKEak 3.000 euro baino gehiago jaso zituen. Santurtzi-Bilbo lasterketarako izena ematean atletek zenbaki bakoitzeko euro bat eman zuten eta horrela jaso zuten diru-kopuru hori.

Ekitaldian parte hartu zuten Aintzane Urkijo, Santurtziko alkateak; Oihane Agirregoitia, Bilboko Udalaren Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkariak; Itziar Irazabal, Bizkaiko Medicusmundi elkarteko presidenteak; eta Pedro Mari Carrocera Santurtziko Atletismo Klubeko presidenteak.

'Santurtzi-Bilbo' lasterketak azaroan XXVIII. edizioa jokatu zuen. 15 kilometroko ibilbidea egiteko 4.000 atleta baino gehiagok parte hartu zuten. Kirol ekitaldi honetan urtetik urtera gero eta gehiago dira parte-hartzaileak eta running-a maite dutenen agendetan dagoeneko finkatutako hitzordua da. Itsasadarrari eta iragan industrialari lotutako proba denez gero, badu zama sentimental handia.

'Santutzi-Bilbo' lasterketak agerian uzten du Santurtziko eta Bilboko udalen elkarlana. Gainera, lasterketak badu Santurtziko Atletismo Klubaren esperientzia eta zenbait babesle. Horiei guztiei esker azaroaren azken igandean milaka pertsonak kirola egiten dute inguru paregabean, itsasadarraren ondoan, emakume sardina-saltzaileek egiten zuten ibilbidea gogoraraziz.

Medicusmundi GGKEak Hegoaldean sustatzen dituen garapenerako proiektuetara eta laguntza humanitariora bideratuko du dirua, pobreziaren aurka borroka egiteko eta osasuna pertsona guztientzat eskubidea izateko. Bizkaiko Medicusmundi osasun-arloko lankidetza garatzeko gobernuz kanpoko erakundea da, Bilbon 1966an sortua.