Ruben Ochandiano aktorea eta Miren Aperribay banatzailea, Zinegoak jaialdiko epaimahaikide

uriola.eus 2017ko urt. 19a, 10:56

http://www.gastronosfera.com

Hilabete bat baino ez da falta Zinegoak jaialdiko 14. ediziorako (otsailaren 20tik martxoaren 5era arte antolatuko da) eta antolakuntza-lantaldea jo eta su ari da lanean jaialdiaren azken nondik norakoak kudeatzen. Aurtengo edizioan dokumentalek indar berezia izango dutenez, epaimahai berezi bat sortuko da dokumentalak saritzeko.

Bilboko LGTB jaialdiak jakinarazi du aurten nortzuk izango diren Nazioarteko Epaimahaia osatuko dutenak. Fikziozko luzemetraien epaimahaiko kideak honakoak izango dira: Ruben Ochandiano aktorea, Miren Aperribay banatzailea eta Marion Berger programatzailea.

Ochandiano Madrilen jaiotakoa eta, besteak beste, Silencio roto, Tapas, Che, Biutiful edo Los abrazos rotos luzemetraietan parte hartu du. Bere lehenengo laburmetraiko zuzendaria ere izan da (El Paraiso), eta hainbat sari jaso ditu lan horregatik. Horrez gain, hainbat antzezlanetan parte hartu du, aktore eta zuzendari moduan. Miren Aperribay, bere aldetik, Atera Filmseko sortzaile eta zuzendaria da, eta, besteak beste, honako lanetan ibili da banatzaile: Loreak; 80 egunean, Kalebegiak, Amama... Hemen Here elkarteko kide eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Arte Kontseiluko kide ere bada. Azkenik, Marion Berger Tarifako Zinema Afrikarreko Jaialdiko (FCAT) Programazio Zuzendaria da.

Horrez gain, aurten Zinegoak jaialdiak dokumentalen presentzia areagotuko du bere programazioan, eta, horren eraginez, dokumentalek epaimahaikide berezitua izango dute. Besteak beste, epaimahaikideak izango dira EHUko Ikus-entzunezkoen irakasle Vanesa Fernandez eta Marc Serena dokumental-egile eta kazetari kataluniarra.

Halaber, Zinekoakeko gainontzeko sarietako epaimahaikideak eragile, elkarte eta erakundeetako ordezkariak izango dira, talde hauek guztiak jaialdiaren parte bihurtuz.

Off Atalean (labur eta luzemetrai esperimentalak), berbarako, epaimahaikideak tokiko sortzaile eta artistak izango dira. Aniztasun eta Giza Eskubideen Sariaren epaia hartzeko arduradunak honakoak izango dira: alde batetik Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun, Lankidetza eta Aniztasun Zuzendaritza; eta, bestetik, estatu mailan giza eskubideen alde lan egiten duten erakundetako ordezkariak. Lesbianismo eta Generoaren Epaimahaia Bilboko hainbat talde feministek eta emakume lesbianen taldeek osatuko dute. Euskal Aktoreen Batasuneko saria emateko arduradunak Haizea Aguila, Javier Liñera eta Jon Koldo Vazquez aktoreak izango dira.