Indarkeria sexista "lehen mailako arazo kolektibo" gisa aintzat hartzeko eskatu du Emakumeen Mundu Martxak

uriola.eus 2017ko urt. 19a, 13:06

Argazkia: Ecuador Etxea

Zaharrak berri. 2017 urtea hasi baino egin ez denean, indarkeria matxistak gogor kolpatu ditu emakumeak Euskal Herrian. Horregatik erabaki dute Emakumeen Mundu Martxa osatzen duten kideek komunikabideen bitartez jendarteari dei egitea "indarkeria sexistaren aurkako borrokan guztien ardura ezinbestekoa dela" adierazteko.

Urteak 19 egun bete dituen honetan, indarkeria matxista datuek "nazka" eta "haserrea" sortu dute Emakumeen Mundu Martxako kideen artean. Bi emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta bi urteko neska donostiarra larriki zauritu du bere aitak Valentzian. Eta, gutxienez, zortzi eraso salatu dira. Azkena, atzo, Bilbon. 

Jendartearen pasibotasunaz gogaitu dira: "Zenbat gehiago akabatu behar dituzte? Noiz arte itxaron behar dugu jendartean indarkeria matxistari aurre egiteko benetako ardurak hartzeko?", galderak plazaratu dituzte Amaia Zufia eta Maribi Marañon ordezkariek. 

Horregatik adierazi dute, "inoiz baino argiago", indarkeria matxista "lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala" dela. Ez direla modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak. "Bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara". 

"Hitzetatik ekintzetara" pasatzeko garaia dela azpimarratu dute, eta "guztion erantzukizuna" eskatu dute egin beharreko bide horretan. Agente sozial politiko eta instituzionalen "ezinbesteko ardura", batik bat. Indarkeria sexistaren aurkako borrokan erantzukizuna "pertsonala zein kolektiboa" delako. 

Mundu Martxako kideek hainbat eskakizun plazaratu dituzte, besteak beste, "erasotzaileak edo jarrera erasokorrak ez babesteagatik hasi, Hezkuntzan estrategiak abiatu edota beharrezkoak diren lege eta baliabide instituzionalak exijitzea dagokigu".  

Emakumeengana ere zuzendu dira, autodefentsa feministarako deia eginez. "Gure bizitzak direlako jokoan daudenak", eta "ezin dugulako erakundeen neurrien zain egon". Ildo horretan elkartasun eta babes sareak sortzen eta zabaltzen jarraituko dute Mundu Martxako kideek, aldaketak feminismotik bultzatuz: "Ez garela berdintasunean bizi aski badakigu, indarkeria sistemarteko anitzek kolpatzen gaituzte: prekaritateak, indarkeria fisikoak, erailketa matxistak... Honen aurrean feminista izango den aldaketa bultzatzen jarraituko dugu".  

 

Desadostasun nagusiak

Hainbat dira mugimendu feministak erakunde eta agente desberdinekin dituzten desadostasunak. Desadostasun horietako bat azaleratu zen joan den ostegunean, Portugaleten gizon batek bere ama erail zuenean. Emakumeen Mundu Martxak deituta hiri eta herrietan egin ziren mobilizazioetan feministek erakundeen jarrera salatu zuten "ez zutelako Indarkeria Matxistaren Aurkako Protokoloa aktibatu, erasoa bikotearen baitan ez emateagatik". Amaia Zufia eta Maribi Marañonen esanetan, indarkeria matxista "transistemikoa da, aurpegi anitzekoa", alegia, eta kontzeptu horri erreparatu behar diote erakundeek. "Entzun egin behar gaituzte, gero beharrezko neurriak hartzeko".  

Astelehenean aita batek bere alaba donostiarra, Izar izenekoa, labanaz erasotu zuen. Bere ama, Sara Majarenas, euskal presoa da, eta Picassenteko kartzelan preso dago (Valentzia). Kasu honek "indarkeria sistema anitzak" barnebiltzen dituela azaldu du Emakumeen Mundu Martxak: "Indarkeria matxista, dispertsioaren erregimena eta espetxeen egitura patriarkala". Gaurko agerraldia baliatu du plataformak Sara Majarenasen kaleratzea eskatzeko, eta horrela "egoera anker honi behintzat irtenbide gizatiarra emateko". 

Egun berean, Blanca Esther Marques 48 urteko emakumea bere bikotekideak erail zuen Burlatan. Emakumea erail eta gero, gorpua Ultzama ibaira bota zuen. Eraso latz hauek tinko salatzeaz gain, "komunikabide batzuk" gaiari emaniko "trataera lotsagarria" ere salatu dute. Indarkeria matxistaren dimentsioan kokatu beharrean, "erasotutakoa nor den, haren hitza zalantzan jarri eta morboan zentratu direlako". 

Komunikabide batzuen jarrera ez ezik poliziako eta justiziako zenbait ordezkariren jarrera ere kritikatu dute. Batik bat, emakume erasotuak pasibo eta otzan ez direnean, hau da, biktimaren rola apurtzen dutenean. Horrelakoetan, erasotuak direnei zilegitasuna eta sinesgarritasuna "kentzen" dietela adierazi dute. Kasu batzutan, "erasoaren funtsa emakumeak agertu duen erresistentziara mugatzeraino". Marañonen hitzetan, "gure burua defendatzeko eskubiderik ez dugula esan digute". 

Emakumeen Mundu Martxako kideak ez dira eraso bakar batzuei buruz publikoki hitz egitearen aldekoak, indarkeria matxista "egunerokoa" eta "amaigabea" delako, "begirada, keinu edo gutxiespen sotilenetik erailketaraino". Bilbon salatu den azken erasoan burundanga izenez ezagutzen den droga erabili duten argitzeke dago, eta 'eraso kimikoek' gora egin duten galdetzean, ez dute erantzun zehatzik eman. "Jai eremuetan" egiten diren erasoekin lotu dute azken salaketa. Horregatik ekin diote jai eremuetan ere borroka feminista antolatzeari.