Biluzik animalien eskubideen alde

uriola.eus 2017ko urt. 20a, 09:00

Piztiak konpartsako kideak biluztu egingo dira urtarrilaren 21ean Arriaga Antzokiaren aurrean larrugintzako industriaren aurka. Larruzko arropa kontsumitzeak eragiten duen animalien heriotza irudikatuko dute iaz egin bezala. 

Biluzik eta odoleztatuta, larrugintzako industriak esplotatzen dituen animaliek paraitzen duten "sufrikario latza" salatuko dute larunbateko ekintzarekin. Piztiak konpartsaren iritziz, "premiazkoa" da "animaliei oinarrizko eskubideak aitortzea", praktika batzuk indargabetuak izan daitezen. Esaterako, bizirik daudela larrutzea, itotzea, urkatzea, kolpatzea, elektrokutatzea, baita animalien giltzapetzea eta erabilpena ere.  

Ekintza honen bitartez "erasotuak, txarto tratatuak eta esplotatuak diren animaliek jasaten duten sufrimendua jendarteratu" nahi du Piztiak taldeak. "Bidegabekeria honen aurrean kontzientzia zabaltzea", alegia. Baina batik bat kontsumitzaileen erabakian eragin nahi du: "Babes gabeko animaliak salbatu edo kondenatu, kontsumitzaile gisa hartzen ditugun erabakien menpe dago". 
 
Larunbatean, 12:00etan, herritarrei dei egin die Piztiak konpartsak Biluzik animalien alde lelopean antolatu duen protesta ekintzan parte hartzeko.