Proiektuaren aurkezpenarekin batera, hura txertatzeko atxikimendu-kontratua sinatu dute Bilboko Udalak, ekimenaren sustatzaileak, eta bazkide estrategikoek. Hauek dira: Bilbao Ekintza, Deusto Foundation-Orkestra, EIKEN, GAIA, IDOM, Mondragon Centro de Promoción, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Mondragon Innovation and Knowledge eta Mondragon Unibertsitatea Enpresagintza. Horrela, AS Fabrik Bilbao ekimenak balioa ematen dio erakunde publikoen eta pribatuen arteko lankidetzari, uriaren garapena sustatzeko zeharkako ardatz legez.
Juan Mari Aburtok aukera ezin hobea deritzo proiektuari, "berrikuntzaren, zerbitzu aurreratuen eta 4.0 industriaren aldeko apustuaren arloko gure eskaintza ezagutarazi ahal izango dugulako Europan barrena eta, gainera, beste hiri batzuetako jardunbide onetatik ikasten jarraituko dugulako".
Alkateak gaineratu du "sinadurarekin eraikitzen ari garen urirako geroa egiten ari gara. Ukitzen ari garen geroa, laster Zorrotzaurren ikusi ahal izango duguna edo, hobeto esanda, jakintzaren eta berrikuntzaren irla izango den Zorrotzaurre berrian".
Zorrotzaurre, eredu izango den berrikuntzako ekosistema
AS Fabrik Bilbao proiektuaren erdigunea Zorrotzaurren dagoen higiezin publiko bat izango da. Eraikina birgaituta, proiektuaren erreferentzia-zentro eta aurreikusitako jarduerak gauzatzeko zentro izango da. Eraikin horretatik, datozen hiru urteetan garatzekoak diren funtsezko lau jarduketa koordinatuko dira, ekoizpen-eredu berria finkatzeko helburuarekin:
• Unibertsitateko ikasleei, pertsona ekintzaileei eta profesionalei zuzendutako prestakuntza-programak, ekonomia digitalean 4.0 industriako erronkei aurre egitea xede dutenak.
• Alor publiko eta pribatuko eragile edo interes-talde nagusien artean networking-ekintzak gauzatzea, industria-sektoreko beharrei erantzuteko bideragarria nahiz eraginkorra den estrategia bakarra koordinatze aldera.
• Bilbon egoitza duten start-up direlakoen merkaturatzea bultzatzeko eta errazteko proposamenak, 4.0 industriak nazioartean kokatzeko eskatzen duen ezagutzari, espezializazioari eta teknologiari lotutakoak.
•Ideien behatokia eta laborategia abian jartzea, bertan teknologiaren, 4.0 industriaren eta ekonomia digitalaren arloko joerak aztertuko dira, betiere bertoko enpresek zer-nolako erronkak dituzten identifikatzeko eta erronka horientzat irtenbide berritzaileak proposatzeko.
Horrela, bada, talentuaren eta berrikuntzaren ekosistema sortuko da Bilbon. Horrek jakintzaren arloko zerbitzu intentsiboetan diharduten bertoko enpresen garapenean eta sektore industria bultzatzen lagunduko du; hartara, Bilbok buru-belarri sartu beharko du eraldaketa adimenduneko prozesu honetan, etorkizuna bermatuko badu.
4.600.000 euroko diru-laguntza
As Fabrik proiektuak 5.807.642 euroko aurrekontu osoa dauka; zenbateko horretako % 80 (4.600.000) Europako Batzordeak onetsitako diru-laguntzarekin ordainduko da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez. Bilbo beste 378 proposamenekin lehiatu da eta horietatik 20 baino ez dituzte aukeratu.
AS Fabrik Bilbao proiektu baliagarria izango da pertsona prestatuak, koalifikatuak eta espezializazio altuko zereginak egiteko eta zerbitzuak eskaintzeko prestakuntza teknikoa, duten pertsonak behar dituzten enpresentzako.