Gaztedi Dantzari taldearekin jardungo du Udal Txistulari Bandak bihar

uriola.eus 2017ko urt. 24a, 09:00

2017.urteko bigarren kontzertua eskainiko du bihar, urtarrilak 25, 20:00etan Euskalduna Jauregiko A1 Aretoan, Bilboko Udal Txistulari Bandak. Ikusleek kultura herritarraz disfrutatu ahal izango dute musikaz eta dantzaz beteriko ikuskizun aparta honen bidez.

Txistulari Bandak Bizkaian oso ezaguna eta izen onekoa den Gaztedi Dantzari Taldearekin batera jardungo du. Taldeak 6 hamarraldi baino gehiago (aurten 66 urte) darama folklorea ezagutarazten, beste lurraldeetako dantzak aztertzen, koreografia berriak lantzen, dantza jantziak diseinatzen, etab.

Emanaldian zati desberdinak egongo dira. Gaztedi dantza taldeak, Udal Txistulariak interpretatuta, honakoak dantzatuko ditu: Hiriko aurreskua, Eguzki dantza (andrazkoen aurreskua), Xemeingo dantza eta El Caserio zarzuelako preludioa. Tartean Txistu Bandak, txistua protagonistatzat hartuta euskal musikarik onena interpretatuko du, nabarmentzekoak dira: osio-bideko polka, Kontrapasa Intxaustirena, Pello Joxepe rapsodia, Errondo, Biren zatia, etab.

Txistu Bandaren hurrengo kontzertua otsailaren 8an izango da. Kasu honetan, Bilboko Bandak Uztaritzeko Txistulari Bandarekin kolaboratzeko ohorea izango du. Uztaritzeko Txistulariak, tradizioari lotua, bi txistuz, silbote eta atabal batez ostatua dago. Taldeak bere musika aberasteko asmoz, beste musika tresna batzuk gehitu ditu, besteak beste: bibolina, 'euphonium' eta atabal 'handia'. Duela hogei bat urte musika taldea jaialdietan parte hartzen hasi zen. Kontzertuetako lehen zatietan jotzen duelarik errepertorio berezi bat proposatzen du.

Bilboko Udal Txistulari Banda

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: Bilboko Udal Txistu Banda (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin Harizko Txistua (2006); Hala ere (2007) Kepa Junkera, Pello Ramirez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; Bihurrikeritan (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; Kantari Gabonetan (2010) Leioako Kantika Koralarekin; Plazan (2014) romerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; eta azkena, X Urte, hamaika lagun (2015) DVDa heuren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Gaztedi Dantzari Taldea

Gaztedi Dantzari Taldea Bilboko Santutxu auzoan dago. 1951 urtean sortua, belaunaldiz belaunaldi euskal dantza eta musika hedatuz beteko ditu aurten 66 urte, egun Bizkaian martxan jarraitzen duen euskal dantza taldeetatik zaharrena izatea lortuta. Gaur egun, 35 bat dantzari eta musikari biltzen ditu, baita adin ezberdinetako ehunetik gora haur ere, eta helduentzako ikastaroak eskaintzen ditugu, auzoan euskal dantza, folklore eta tradizioa zabaltzeko helburuz. Euskadiko herrialde guztietako dantzak egiten ditugu, eta urtez urte dantza-sorta berritzen eta zabaltzen saiatzen gara, Euskadin zein kanpoan erakutsi ahal izateko.