Gaur goizean egoera larrian dauden etxe gabeko pertsonei laguntzeko neguko Claret Zentroan dauden dispositibo bereziaren instalazioak bisitatu dituzte Udaletik.
Udalak eta Claret Sozial Fondoak, 2015az geroztik, akordioa sinatzen dute zerbitzu honi 20 plaza gehitzeko udal aterpetzeetan dauden edo Udalak diruz lagundutakoak diren aterpetxeetako 240 plazei.
• Elexabarriko Udal Aterpetxea: 96 plaza.
• Gauean harrera emateko Uribitarteko Udal aterpetxea: 83 plaza (26 azarotik apirilera bitarteko neguko dispositiborako).
• Lagun Artean gaueko zentroa: 32 plaza.
• Federico Ozanam aterpetxea: 10 plaza.
• Hontza gaueko zentroa: 19 plaza.
Neguko dispositiboa
Negu honetan, 2016ko azaroaren 21ean abian jarri zen Udalaren zerbitzu berezi hau eta 112 pertsonari eman zaie zerbitzua: 27ri Claret Sozial Fondoaren zentroan eta 85i gauean harrera emateko udal Uribitarteko aterpetxean.
Neguko dispositiboaren aurreneko balantzeak erakusten du 228 pertsonari eman zaiela zerbitzua 2016ko azaroan hasita: 112 pertsonari neguko dispositiboan eta 116ri hotz-bolada handi bietan.
Larrialdiak hotz bolada dela eta
Baldintza meteorologiko oso txarretan Gizarte Ekintza sailak protokolo berezia jartzen du abian, tenperatura hotzek ahalik eta eragin gutxien izan dezaten kalean bizi diren pertsonengan. Eguraldiaren iragarpenen eta egoeraren etengabeko jarraipena egin eta egoera luzatzen bada har daitezkeen neurriak baloratzen dira.
Tenperatura baxuen kasuetan, eskariaren arabera eta gerta litezkeen hotz handiko boladen aurrean, Bilboko Udala akordioetara heltzen da zenbait ostaturekin premia duten pertsonak jasotzeko.
Egin-eginean ere, negu honetan bitan aktibatu da larrialdietako protokoloa hotza dela eta. Lehenengoa, abenduaren 30etik urtarrilaren 9ra bitartean, eta egun horietan 54 pertsonari eman zitzaien laguntza. Bigarrena, berriz, urtarrilaren 17an hasi eta abian da oraindik. 62 pertsonari eman zaie ostatua atzora arte.
Neguko dispositibo berezi honek Bilboko Udalaren zerbitzuetan jasotako eskari guztiei erantzun die. Adierazi beharra dago eskarien arabera egokitzen direla espazio berriak; izan ere, 300dik gora plaza okupatu dira Udalaren ohiko aterpetxeetan eta egokitutako aterpetxe berezietan. Garrantzizkoa da jakitera ematea Elexabarri, Uribitarte, Lagun Artean, Ozanam eta Hontza aterpetxeetako ohiko plazak % 100 bete direla.
Kalean esku-hartzeko taldea
Neguan, kalean esku hartzeko gizarte eta hezkuntza-arloko taldeak lan handia egin du erabiltzaileak izan daitezkeenak baliabideetara erakartzeko eta egunotan areagotu egiten da euren presentzia. Hezitzaileek arreta berezia eskaintzen diete adinagatik edo osasunagatik egoera ahulean daudenei eta emakumeei eta informazioa eskaintzen zaie baliabideei, ordutegiei eta sarrera egiteko moduari buruz. Beharrezkoa izan denean, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuan eskaria formalizatzeko lagun egin diete. Lan honi esker, erabiltzaile askoren prozesuak sendotu dira eta baliabide iraunkorrak egonkortasunez erabiltzen hasi dira.
Koordinazioa Bizkaiko Gurutze Gorriarekin
Era berean, gaua Bilboko kaleetan ematen duten pertsonei laguntzeko, 2009az geroztik Bilboko Udalak Bizkaiko Gurutze Gorriaren lankidetza du. Udalak erakunde horrekin koordinatzen ditu pertsona horiei banakako zerbitzua eskaintzeko gaueko irteerak: gainera, denbora libreko espazioa, larrialdietako ostatua eta neguko larrialdietako kita ezartzen dira. Kit horretan motxila, lotarako zakua, parka, pare bat eskularru, pare bat galtzerdi, estera eta elastiko termikoa sartzen dira, hotzetik babesteko.
Neguan 98 kit banatu dira; denbora libreko espazioetara 29 pertsona hurbildu dira eta 9 irteera egin dira 135 pertsonari laguntzeko.
Gizarte larrialdietarako Udal zerbitzuaren laguntza
Bilboko kaleetan bizi diren etxerik gabeko pertsonak eta, plaza nahikorik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, larrialdietako ostatuen sare egonkorrean edo beste egoitza-aukeraren batean ez dauden pertsonak dira zerbitzu honen jasotzaileak. Horrela, eguraldirik txarrena egiten duen hilabeteetan etxerik gabeko pertsonek aterpetxeetara jo dezakete, hotzaren eragina gutxitzeko eta osasuna zaintzeko. Ohea ez ezik, gosaria eta afaria ere eskaintzen da.
Sarrera egiteko sistema azken urteotakoa izango da, ohiko bidea Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak (Uribitarte k. 11. Tf.: 94 470 14 60) gestionatzen duen oinarriko prestazioak eskuratzeko programa da edo Bilboko Udaltzaingoaren edo kaleko taldearen bidez presazko sistemaz. Egoera ahulean dauden pertsonak detektatzeko Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta eguneko laguntzarako baliabideekin koordinatuta egiten da lan. Azken hauen artean eguneko zentroak eta jantoki sozialak daude, besteak beste.
Neguan aterpean sartzeko erabiltzaileek bete behar dituzten baldintzen artean hauexek daude: adinez nagusia izatea, baliabide ekonomikorik ez edukitzea, beharra edukitzea, Bilbon jarraian hiru hilabetez egotea, krisi-egoera larrian ez egotea edota bizikidetzaren arloan jokaera onartezinak ez edukitzea, hirugarren pertsona baten laguntza behar duen mendekotasun-egoeran ez egotea, gaixotasun infekzioso-kutsakorrik ez edukitzea tratamendu mediko barik eta ostatu-baliabideetan zigor larri edo oso larria ez edukitzea.