Gaur abiatuko da belaunaldien arteko lehen zine foruma

uriola.eus 2017ko urt. 25a, 09:20

'Bilbo, Hiri Adiskidetsua Adinekoekin' izeneko bigarren planaren barruan ((B+60), 2017an egingo den Belaunaldien Arteko Zine Forumaren lehen zikloa aurkeztu zuen atzo Udalak.

Ekimen honetan ikusleen artean elkarrizketa eta gogoeta sustatuko duten sei film proiektatuko dira. "Jarduera hauekin adin eta jatorri kultural desberdinetako pertsonen parte-hartzea bultzatu eta uriko ekitaldietan belaunaldiartekotasuna sustatu nahi dugu", adierazi zuen Gizarte Ekintzako zinegotzi den Iñigo Pombok.

Proiektatuko diren filmak gaur egungo gaiak landuko dituzte, helduentzat eta herritar ororentzat: dibertsitate funtzionala, etxe kolaboratiboak, mendekotasuna, belaunaldien arteko harremanak, dibertsitate kulturala eta harreman afektiboak

"Urte askotan zahartzaroari buruzko ikuspegi bakarra izan dugu, estereotipo negatiboetan oinarrituta, esaterako mendekotasuna, ahultasuna, hauskortasuna, eta abar, zahartzeak dakartzan arazo biologikoak soilik kontuan hartuta. Adineko pertsonak talde homogeneoa eta pasiboa zirela uste genuen. Kontzeptu hori zaharkituta geratu da eta gaur egun zahartze aktiboaz hitz egiten dugunean, adinekoen belaunaldi aitzindari batez ari gara, aipatutako estereotipoak apurtu nahi dituena, zeregin aktiboa behar duen talde heterogeneo modura aurkeztuz, bere nortasuna berreraikitzeko eta berriro definitzeko", esan zuen Iñigo Pombok.

Jarduera honen bidez, Udalak tresna analitiko bat eskaini nahi die adineko bilbotarrei, aukera eta ekintzarako askatasuna neurtzeko eta sustatzeko, eta beren arazoak aztertzeko eta irtenbideak bilatzeko agente izan daitezen; horrela, adinekoak komunitatean eta beste adin eta kultura batzuetako taldeetan integratzea bultzatuko da. Horretarako, belaunaldi desberdinetako pertsonak etortzea eta belaunaldien arteko eztabaidarekin filmetako gai nagusiei buruzko gogoeta egitea espero da, elkar aberasteko, eta adinekoen inguruko aurreiritziak eta estereotipo faltsuak leuntzeko.

Filmak El Carmen aretoan emango dira (Indautxu), hileko azken eguaztenean, arratsaldeko 19:00etan, urtarrilean, otsailean, martxoan, maiatzean, urrian eta azaroan. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.

Egutegia

- Urtarrilak 25: ¿Y si vivimos todos juntos?

Laburpena: Zahar-etxe batera ez joateko, bost lagun elkarrekin bizitzen hasi dira. Haiekin batera joango da etnologiako ikasle gazte bat, tesiko gaitzat adinekoen azterketa aukeratu duena.

- Otsailak 22: La familia Belier

Laburpena: Belier familiako kide guztiak gorrak dira 16 urteko Paula izan ezik. Berak egiten ditu interprete-lanak gurasoentzat, batez ere familiak daukan landetxearen funtzionamenduari dagokionez. Paulari institutuko mutil bat gustatzen zaio eta abesbatzan eman du izena, harekin egoteko. Han jakingo du kantatzeko talentua daukala.

- Martxoak 29: La fiesta de despedida

Laburpena: Jerusalemgo zahar-etxea batean, lagun talde batek eutanasiarako makina bat egin du gaixo terminala den lagun bati laguntzeko. Baina makinari buruzko zurrumurruak zabaltzen direnean, beste zahar batzuek laguntza eskatuko diete, eta horrek dilema emozionala eragiten die eta abentura zentzugabe batean sartuko ditu.

- Maiatzak 31: Amor

Laburpena: Georges eta Anne, laurogei urtekoak, musika klasikoko irakasle jubilatuak dira eta Parisen bizi dira. Alaba ere musikaria da eta Londresen bizi da senarrarekin. Egun batean Annek bihotzekoak dauka eta albo bat paralizatu dio, eta hainbat urte iraun duen maitasunaren zenbaterainokoa neurtuko da.

- Urriak 25: El amor es extraño

Laburpena: 2011n ezkontza homosexuala legeztatu zen New Yorken. Benek eta Georgek 39 urte daramatza elkarrekin eta ezkontzea erabaki dute. Handik gutxira, George azalpenik gabe kaleratu dute musika irakasten duen eskola katolikotik eta Chealsean daukaten pisua galdu dute. Polizien bikote gay batek George hartu du etxean, eta Ben ilobaren etxera joan da, Brooklynera. Beste pertsona batzuen etxeetan bizi behar izatea, atseginak izateko ahalegina edo zalantzazko etorkizunagatik daukaten kezka estreserako arrazoiak dira, denentzat.

- Azaroak 29: A cambio de nada

Laburpena: Darío, hamasei urteko mutila, Luismirekin ibiltzen da. Luismi auzokoa eta bere lagunik onena da. Baldintzarik gabeko adiskidetasuna daukate, umetatik ezagutzen dute elkarte eta elkarrekin ikasi dute bizitzaz dakiten guztia. Darioren gurasoak banatzen direnean, Daríok etxetik alde egiten du eta Caralimpiaren tailerrean hasten da lanean. Caralimpia aspaldiko gaizkilea da, garaile itxurak egiten; ofizioa eta bizitzaren onurak erakusten dizkio. Gainera, Daríok Antonia ezagutzen du, motogurdian altzari zaharrak biltzen dituen atsoa. Berarekin aurkituko du bizitza ikusteko beste modu bat. Luismi, Caralimpia eta Antonia izango dira bere familia berria, bizitza aldatuko dien uda batean.