Bilboko Udalak, talde politiko guztiek babestu duten adierazpenaren bitartez, gaitzetsi ditu "Holokaustoaren izugarrikeria eta krudelkeria, adin guztietako milioika pertsonaren jazarpena eta hilketa sistematikoa ekarri zuena erregimen naziaren aldetik".
Biharko egunez, Bilboko Udalak gogoratu eta ohorarazi nahi ditu Holokaustoaren biktima izan ziren "pertsona guztiak", eta "bereziki" bat nazien kanapeluetan egon ziren euskal herritarrak eta bilbotarrak. 200 bat euskal herritarrak ziren, eta horien artean 40 bat bilbotarrak.
Adierazpenean, Udalak dei egin die hiritarrei Holokaustoaren "izugarrikeria, tragedia eta nazien sarraskia pairatu zituztenen memoria bizirik iraunarazteko" sortzen diren ekimenak sostengatzeko.
Bizkaiko Batzar Nagusiek ere gogor gaitzetsi dute Holokaustoa. Atzo Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak irakurri zuen adierazpenean, "kanpaleku nazien krudelkeria ezagutu zuten" 70 bizkaitar baino gehiago gogoan izan zituen.
Ekimena
Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren ekimena izan da lau lurralde historikoetako foru aldundiei, hainbat udalei eta EAEko eta Nafarroako Legebiltzarrei nazien kontzentrazio eremuetan bukatu zuen Hegoaldeko 200 bat lagunei, "Holokaustoaren zati izan ziren horiei", aitortza egiteko adierazpena onar dezatela.
Urtarrilak 27
2005eko azaroaren 1ean, NBEren Batzar Nagusiak 60/7 erabakia onartu zuen, urtarrilaren 27a Holokaustoaren Biktimen Memoria Omentzeko Nazioarteko Eguna izendatzeko. Halaber, Europako Parlamentuak erabaki zuen urtarrilaren 27a Holokaustoaren Memoriaren Europar Eguna izendatzea, Auschwitz-Birkenau zelaia 1945eko egun horretan askatu zela eta.
[2017-01-17] Aitortza eskatu dute nazien kontzentrazio eremuetan egon ziren euskaldunentzat