Johannes Blumen eta Ute Vollmarren dramaturgia duen ¡Gesualdo! lana, Arriaga Antzokiaren eta Staatsoper Hamburg izenekoaren arteko ekoizpen lana da, eta han, Hanburgoko Estatu Operan, hain zuzen ere, estreinatu zuten joan den urtarrilaren 15ean, arrakasta izugarria lortuz.
¡Gesualdo! lanak kontraste asko dituen eszenifikazioa erakusten du, argiz eta itzalez betea, pasioa, mina eta estasia nahasten dituena. Ikus-entzuleentzat deigarria izan daiteke, baita ere, gorputz biluztasunaren edertasuna, Calixto Bieitorengan betidanik eragin handia izan duten Zurbaran eta Caravaggio bezalako pintura maisu handiengan zuzenean inspiratua. Laburbilduz, esan daiteke muntaketa zirraragarria dela, antzezleen emanaldi bikainak eskaintzen dituena, Carlo Gesualdoren musika ederrarekin lanaren hari gidari gisa. Musika zuzendaritzaz Johannes Gontarski, bere herrialdean gero eta gehiago aipatzen den musikari gazte aleman bikaina arduratu da. Gontarskik berak jotzen du lautea ¡Gesualdo! honetan.
Ikuskizunari eta egileari buruzko doako hitzaldia
¡Gesualdo! lana osatzeko, larunbat berean, otsailaren 4an, arratsaldeko 18:00etan, Johannes Blum dramaturgoak doako hitzaldia eskainiko du, batez ere ondoren ikuskizuna ikustera joango diren pertsonei zuzendutakoa, baina entzun nahi duen edozeinentzat zabalik egongo dena, 500 pertsonako leku kopurua bete arte. Bertan, Blumek ikuskizunari buruzko xehetasun interesgarriak azalduko ditu eta Carlo Gesualdo egile italiar bikainaren bizitzari eta lanari buruz hitz egingo du.
Carlo Gesualdori buruz
Monteverdi bezalako beste konposatzaile batzuk soinu forma berrietan edo etorkizuneko operaren kontzeptua asmatzen ari ziren bitartean, Venosako Printze izan zen Carlo Gesualdok, ezaugarri nagusia kromatismoen erabilera zuen oso polifonia konplexuari eta ausartari leial jarraitu zuen, Errenazimenduko egile batena baino Schönbergena zirudien soinu-emaitza lortuz. Edonola ere, inork ezin du zalantzan jarri bere lanaren kalitatea. Hala ere, artearen alorrean erakutsi zuen handitasunaren aurrean bere biografia latza jarri behar da. Bertan oso gertakari iluna azpimarratu behar da, emaztearen eta haren maitalearen hilketa bikoitza, zeloak jota. Hori dela eta, bere ondorengo Madrigaletan erraza da lizunkeria, amorru, min eta heriotz soinuak hautematea. Azken finean, bere musika, era berean atsekabetua eta pribilegiatua den buruaren isla argia da.
Ikuskizunerako sarrerak 10,50 eta 36 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.