Euskal Museoko klaustroan hiru talde kantuan entzuteko aukera izango da larunbatean. Bertatik pasako dira 11:00etan Garaizarko Mahatsorriak abesbatza, ondoren, 11:30ean, Bilboko Suhiltzaileen abesbatza eta azkenik, 12:00etan, Arratiako korua.
Museoko arduradunen esanetan, "aukera aparta da oso geurea den tradizio hau ezagutzeko, izan ere, ahotsei lagunduz lurra kolpatzen duten makilen erritmopean, dardara batean jarriko dituzte Mikeldi Idoloa eta Museora etorritako pertsona guztiak. Euskal mitologiaren alderdi jakin batera hurbiltzeko modu hau inork ez luke galdu behar".
Zorrotza
Otsailaren 4an, eguerdian jarri dute zita Ibai Arte eta Gure Lurar elkarteetako kideek Zorrotzako Azoka plazan. Bertatik abiatuko dira kalez kale Agate deunari abestera. Otsailaren 5ean, berriz, 11:00etan elkartuko dira zorrotzarrak Agate mendira igotzeko. Txinbotarrak konpartsako kideek ogitartekoa eramateko mezua zabaldu dute.
Deustu
Berbaizu euskara elkarteak eta Bihotz Alai folklore taldeak deustuarrei dei egin diete otsailaren 4an, 19:00etan San Pedro plazan batu eta kantatzeko.