Nazioarteko animazio jaialdietan sari mordoa sakuratu ditu Psiconautasek. Europako Zinearen Sariketan finalista ere izan da, besteak beste. Beraz, inor gutxi harritu da Animazioko Film Onenaren Goya saria atalean Ozzy eta Teresa eta Galtzagorri filmeei gailendu zaienean.
Zircozine, Basque Films, Abrakam Estudio eta La Competencia Produccionesen ekoizpena da Psiconautas. Publiko helduari zuzendutako animazio pelikula. Hondamendi ingurunean harremanak ditu ardatz. Hain zuzen ere, filmeko protagonistak, Birdboy mutil-txoria eta Dinki sagutxoak euren gurasoen galerari aurre egin beharko diete hondamendi ekologiko baten ostean.
Bai gidoia bai zuzendaritza Pedro Rivero eta Alberto Vazquezenak dira.
Alberto Vazquezek bi Goya
Animazioko laburrik onenaren Goya saria ere Alberto Vazquezek jaso du, berak idatzi eta berak zuzendutako Decorado laburragatik. 11 minutuko iraupena duen zintak pertsonaia deitoragarriz osatutako zuri-beltzeko mundua erakusten du.