Militantzian ditugun harremanetan sakondu nahi dugu

Aurreko bi ikasturteetan egindako hausnarketei jarraipena eman nahi diogu. Aurreko jardunaldietan hasi genuen bidea jarraitu, asko izan ginelako elkartu ginenak eta asko izan zirelako landu, hausnartu eta konpartitu genituen gaiak: sexualitatea, maitasuna, harreman osasuntsuak… Aurten ere Bilboko Bilgune Feministatik, otsaila ardatz hartuta eta hiru astez tailer edota tertulia bat proposatu nahi dugu zuokin guztiokin konpartitzeko. 

Gure helburuak eta konpromisoak ez dira aldatu. Eraiki nahi dugun EH feminista irudikatu nahi dugu gaurdanik, gakoak diren gai batzuen inguruan hausnartzen hasi edota jarraitu nahi dugu. Oraingoan militantzian ditugun harremanetan sakondu nahi dugu, botere harremanetan eta zaintzan arreta berezia jarriz.

Sistema kapitalista basatiaren logikak militatzerakoan ere harrapatu egiten gaitu, eta gehienetan gure balio eta desirak etengabeko kontraesanetan dihardute dantzan... eta hori gutxi balitz, gure denboraren kudeaketa osasuntsu bat egitea ezinezko bilakatzen zaigu gehienetan. Militantzia “eraginkor” baten izenean korrika eta presaka ibiltzen gara, ez dugu denbora ezta espazio egokirik taldea zaintzeko, are gutxiago gure burua.

Feminismoa egunerokotasunean bizi nahi dugunok, bidean oztopo, kontraesan eta bakardadea sentitu ohi dugu. Nahiz eta militantzia ulertzeko eran aldaketak egon, oraindik ere botere harremanak eta eskema zaharkituak topatzen ditugu. Argi daukagu eraldaketa prozesu batean subjektu politiko aktibo bihurtu behar garela eta jakin badakigu eraldaketa politikoa ez datorrela identitate estanko batetatik, baizik eta eraldatzeko borondateagatik eta aniztasunagatik. 

Guzti honetaz aritu nahi dugu, zer da militantzia feminista? Zelan burutu dezakegu praktika feminista bat eragileetan? Zelan identifikatu ditzakegu botere harremanak? Zelan utzi boterea alde batera? Zelan boteretu? Zelan zaindu kolektiboko kideak proiektuaren helburuak ahaztu gabe?...

Gure herriaren burujabetza lortzera goaz, eta oso argi dugu feminismoa dela bidea eta giltza. Gure buruaren jabe izan nahi dugulako eta bizitza modu zoriontsu, osasuntsu eta askean bizi nahi dugulako: NI + ZU + GU = Nola egingo dugu?  

Animatu eta parte hartu!

III. Jardunaldi feministak, egitaraua

III. Jardunaldi feministak - Egitaraua

Otsailak 8

Aurkezpena, LISIPE: borroka armatua eta kartzela. 

Otsailak 15

Boteretze feminista, tailerra. 

Otsailak 22

Zaintza militantzian, tailerra.

 

Antolatutako tailerrak mixtoak dira.

Jarduera guztiak Zirika! herri gunean izango dira eta 19:00etan hasiko dira.