Txistua protagonista izango delarik, emanaldian zehar obra oso ezagunak interpretatuko dira, besteak beste: Arno dantza, Donostia, Zortziko Ravel jauna, Birigarroa, Habanera, Gogoaren baitan, Eire aire, Lapurtar dantzak, Korrika dantza, Iparragirreren biziantz laburra, Ihauteri soinua eta Hiru piztiak.
Banda, Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia osatua otsailaren 22an itzuliko da eszenatokietara 'Kantaldia' ikuskizunarekin. Bertan piano-jole, inprobisatzaile eta konpositorea den Iñar Sastreren moldaketak interpretatuko dira. Egun, Iñar Sastre Musikenen, Pariseko Conservatoire National Superieur de Musique et de Dans-en ari da goi-mailako ikasketak egiten eta horretaz gain, Pariseko Conservatoire Ravel-ean ari da piano jazz ikasten.
Bilboko Udal Txistulari Banda
Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.
Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: 'Bilboko Udal Txistu Banda' (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin 'Harizko Txistua' (2006); 'Hala ere' (2007) Kepa Junkera, Pello Ramirez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; 'Bihurrikeritan' (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; 'Kantari Gabonetan' (2010) Leioako Kantika Koralarekin; 'Plazan' (2014) romerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; eta azkena, 'X Urte, hamaika lagun' (2015) DVDa heuren hamargarren urteurrena ospatzeko.
Uztaritzeko Txistulari Banda
Uztaritzeko Txistulari Banda, tradizioari lotua, bi txistuz, silbote eta atabal batez ostatua dago. Taldeak bere musika aberasteko asmoz, beste musika tresna batzuk gehitu ditu, besteak beste: bibolina, 'euphonium' eta atabal 'handia'. Duela hogei bat urte musika taldea jaialdietan parte hartzen hasi zen eta kontzertuetako lehen zatietan jotzen duelarik errepertorio berezi bat proposatzen du.