Aratusteak 2017

'Sardinita' kartelak iragarriko ditu 2017ko Bilboko aratusteak

uriola.eus 2017ko ots. 8a, 12:00

Bilboko 2017ko Aratusteetako Kartel Lehiaketaren barruan 'Sardinita' kartela aukeratu dute aurtengo Aratusteak iragartzeko. Aratusteak otsailaren 23tik 28ra bitartean ospatuko dira aurten.

Edizio honetan ehundik gora kartel aurkeztu dira, aurreko urtean aurkeztutako kopuru antzekoa. Proposamenak ez dira Bilbokoak soilik izan. Parte-hartzaileak hainbat lurraldetakoak dira: Nafarroa, Bartzelona, Lleida, Errioxa, Huelva, Sevilla, Leon, Valentzia eta Murtzia. Halere, ohi bezala, Bilboko ekarpenak izan dira nagusi.

Kartel irabazlea epaimahaiak urtarrilaren 24an aukeratu zituen 6 kartel finalistetako bat izan da. Hauexek dira opaimahaiko kideak: Itziar Urtasun, Jai Batzordeko presidentea eta Bilboko Udaleko Jaietako Saileko zinegotzia, Asier Abaunza eta Amaia Arenal zinegotziak, Bilboko Konpartsen ordezkari bat, Maylin Vergara disenatzailea eta Cristina Camargo, El Nervión egunkariko kazetaria.

Hiru modu izan dira sei kartel finalisten arteko aukera egiteko. Era presentzialean Euskal Museora bertaratzen (NAN, gidatzeko karneta edo antzeko identifikazio-agiria erakutsiz), Bilboko Udalaren web orriaren bidez (www.bilbao.eus) NANaren aurretiko erregistroa eginez eta lehiaketaren laguntzaile diren komunikabideen webguneen bidez. Sistema bakoitzeko botoek hautaketaren %25 suposatu dute. Gainerako %25 epaimahaiaren bozketaren bidez erabaki da.

Aurten komunikabide laguntzaile hauen bitartez egin dira bozketak: ETB, El Correo, Deia, Gara, Onda Vasca, Radio Bilbao, Bilbao 24 horas, El Nervión, Radio Nervión, TeleBilbao, Herri Irratia, Bizkaia Irratia eta Onda Cero.