Euskal prentsaren hastapena, oraina eta geroa jardunaldia Euskaltzaindiaren egoitzan hasi da 09:30ean. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidenteak hasiera eman diote Euskal prentsaren hastapena, oraina eta geroa jardunaldiari.
Hiru atal izango ditu jardunaldiak.
Lehenik, Eguna 1937 izenpean mahai ingurua gidatuko du Deia-ko kazetari Juan Carlos Ibarrak. Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia Garaikide saileko katedradunak eta Xabier Altzibar EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazio saileko irakasleak parte hartu dute solasaldian.
Ondoren, Egunerokoak 1986an gaia jorratuko dute Luis Alberto Aranberri Amatiño kazetariak eta Joan Mari Torrealdai soziologo eta kazetariak. Mahainguruan Euskaltzaindiko Adolfo Arejita arituko da moderatzaile.
Azkenik, gaur egunera egingo dute salto, Hedabideen eta euskararen gaur egungo erronkak aztertzeko. Idurre Eskizabel, Iñaki Mendizabal, Javier Onaindia eta Odile Kruzeta kazetariek egun hedabideetan euskarak duen egoerari buruz hitz egingo dute. Euskal Pen Klubeko Urtzi Urrutikoetxea arituko da moderatzaile.
Eguna
1936. urtea amaitzen ari zela eta azken Gerra Zibilean bete-betean sartuta, Bizkaia faxismoaren tropek aurrera egiten zutela setiaturik zegoela, Bilbon euskarazko hutsez egunkari bat argitaratzeko ekimena sortu zen.
1937ko urtarrilaren 1ean, Bilboko Posta kaleko 17an, sortu zuten Eguna, euskara hutsean idatzitako lehen egunkaria. Gerra Zibilean sortu zuten euskarazko lehen egunkariak ekainean Bilbo 1937ko ekainaren 13ra arte iraun zuen; hau da, tropa frankistek uria hartu zuten arte.
Kazetariak euskaltzale gazteak ziren. Gehienak 25 urtetik beherakoak. Gerra-garaia zen, batez ere, 1937ko martxoaren 31tik aurrera, orduantxe hasi baitzuen erasoa Emilio Mola jeneralak. Zabalkunderik handiena 10.000 alekoa izan zen.
Aurrekaria Euzkadi egunkariak izan zuen euskarazko orria izan zen. Horren arduraduna Esteban de Urkiaga Lauaxeta izan zen. Orri hau eta Eguna egunkariak abertzaleak ziren. Euzkadi egunkariak Sabino Aranaren JEL goiburua izan zuen azpi-izenburu.
Molaren abioiek, Condor legio naziak eta aireko indar italiar faxistak alegia, gerra-frontea apurtuta, Bilbo laster jausiko zen eta amaiera helduko zitzaion Eguna egunkariari. Azken zenbakia 1937ko ekainaren 13koa izan zen. Ekainaren 19an Bilbo jausi zen tropa frankisten eskuetara. Iraupena ez zen sei hilabetekoa izatera heldu. Eguna egunkariak 139 zenbaki kaleratuta, euskara hutsezko egunkari bat egon zitekeela erakutsi zuen.
[2017-02-02] Posta kalean plaka bat jarri dute ‘Eguna’ euskarazko lehen egunkariaren oroigarritzat
[2017-01-26] Eguna egunkariaren inguruko jardunaldia egingo dabe Bilbon zezeilaren 10ean