Aspaldi duten kezka eta jakin-mina piztu zaie Azkue fundazioko langileei. Jakin badakite, gainera, euskalgintzan eta internet alorrean dagoen kezka dela. "Ez baitago euskarazko blogintzaren egoera islatzen duen ikerketa edo azterketarik. Informazio falta handia dago alor honetan", diote fundazioko ordezkariek. Horregatik inkesta publiko bat egitea pentsatu dute.
Inkestaren helburua euskarazko blogen inguruko "datu baliagarriak" lortzea da: kopurua, nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen dituzten, etab. Inkesta honen emaitzak publikoak izango dira eta Azkue fundazioak partekatu egingo ditu.
Inkesta euskaldun "hiritar kopuru handienari" helaraztea nahi dute, erantzun kopuru handia jasotzeko. Erantzunetako datuak baliagarriak izango dira arlo honetan lan egin eta ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak orokorrean, interneteko garatzaileak, erakundeak…
Ahalik eta erantzun gehien izatea lortuz gero "ikuspegi erreal eta zabalagoa lortuko dugu, eta informazioa benetan baliagarria bilakatu da. Zenbat eta inkesta kopuru gehiago lortu, emaitza aberatsagoa eta osatuagoa izango da. Lortutakoa egoera errealaren isla izango da".
Gainera, etorkizunera begira "estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria bilakatuko da inkesta".
Inkesta honelako galderei erantzuten saiatuko da: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute?
Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?
Edozein euskaldunek erantzuteko inkesta
Inkesta hau publikoa izango da eta Azkue fundazioak bere ohiko komunikazio baliabideen bidez zabalduko du. Gizarte osora zabalik dago, hau da, edozeinek bete dezake; edozein blogarik edo blogen kontsumitzailek, nahiz eta blogik ez izan; sarean ibiltzen den edozein euskaldunek.
Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin nahi da: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakontzeko; baita irakurle, edo kontsumitzaileek zein eduki mota kontsumitzen dituzten ezagutzeko eta zein behar sumatzen dituzten ezagutzeko ere.