Gorka Espiau: "Hiriak ingurumen mailan, ekonomikoan eta sozialean orekatuak direnean dira soilik konpetitiboak"

uriola.eus 2017ko ots. 10a, 11:00

Euskal Kazetarien Elkargoak antolatutako Hiri iraunkorren erronka XXI. mendean izeneko jardunaldi-tailerrean parte hartu du URIOLAk Bilboko Komertzio Ganbaran. Bertan hirien jasangarritasunarekin lotutako hainbat adituk eta arituk sektorialki euren ikuspegi eta begiradak komunikatu dizkiote bertaratutako komunikabide eta entzuleei.

Hizlarien artean Ibon Areso Bilboko alkate ohiak ireki du jardunaldia, Bilbo hiriaren garapen urbanistiko eta ekonomikoa izeneko hitzaldiarekin. Bertan Bilboren azken 30 urtetako atzera begirakoa egiteaz gain, etorkizun hurbilean Bilbo hiriak jorratu beharreko ibilbidean sakondu du. Hiriari enplegua, garbitasuna eta autoestima eman dion hiri-eraldaketa izan dela arrazoitu du alkate ohiak. Azken hamarkadetako eraldaketak Bilbo “hiri itsusi” eta “industriala” izatetik “hiri atsegin” eta “turistikoa” izatera ekarri bazuen, orain hirugarren olatuak Bilbo “ezagutzaren hiri” eta “hiri inteligentea” bihurtzera jo beharko lukeela defendatu du.  

Jarraian Isabela Velazquez genero aditu eta arkitektoak Hiria genero ikuspegitik ikusia saioan 2016ko Quitoko Hirien Gaineko Nazioarteko Aitorpenaren balioa aldarrikatu du, bertan genero begirada txertatu dela eta. Energia iturrien murrizteak etorkizunean hirietan aldaketa handiak aurrikusi ditu, eta horietan pertsonen eginkizuna aldarrikatu du, erakunde publikoek hirien diseinu eta eraikuntzan umeen, laugarren adinaren, ahaztuen tokiak zentrala izatea eskatuz.

Gorka Espiau The Young Foundation eta Agirre Centerreko ikerlariak Gizarte kohesionatua. Giza-eskalazko hiria interbentzioan hirien eraldaketa prozesuen konplexutasunean sakondu du, azalduz nola gaur egun inork ez duen zalantzan jartzen hirigintzan generoa, berdintasuna, aniztasuna eta abarrek markatzen dituzten agendak kontuan hartu behar diren, baina gero inor gutxik aplikatzen dituela agendok. Erronka handitzat definitu du konplexutasun hau praktikan jartzea eta baita hirien gaineko narratiba konplexuago bat eskatu ere, kontakizun sinplistetatik ihesi. Hiriek 'hardwarea' (hirigintza) eta 'softwarea' (dimentsio kulturala) dutela zehazteaz batera, dimentsio kulturala aldarrikatu eta 'smart city' kontzeptua kritikapean ezarri du. “Hiriak ingurumen mailan, ekonomikoan eta sozialean orekatuak direnean dira soilik konpetitiboak”, zedarrituta, desberdintasun sozialen hazkundea hirien etorkizunerako mehatxu nagusi gisa identifikatuta du, eta Londresen ematen ari den desoreka sozioekonomiko gero eta nabarmenagoa jarri du adibide gisa.

Azken hiru hizlarien artean Julen Rekondo ingurumen-kontsultoreak karbonorik gabeko hirien norabideaz hitz egin du, Ibon Zugasti LKSko nazioarteko proiektuen zuzendariak epe luzerako hiri estrategien beharrean sakondu du eta Pedro Javier Jauregi Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko sailburuordeak Bilboren hazkunde fisikoa hirian baino gehiago Bilboaldeko Metropolian kokatu du, EAEko Etxebizitza Behatokiaren arabera dauden 35.000 etxe hutsen erabilerarako mobilizazioan arreta jartzeaz gain.