Bohemiako musikari handiak Euskaldunan berpiztuko dituzte

uriola.eus 2017ko mar. 2a, 09:00

Musika-Musica jaialdian Bohemiako musikagileak izango dira protagonista, Mahler, Dvořák, Smetana eta Janáček, hain zuzen ere. Horiei gorazarre egiteko 850 musikarik eta artistak hartuko dute parte 75 kontzertu eta jardueratan gaurtik, martxoaren 2tik 5era. Jardueren artean, saio didaktikoak eskola-umeentzat, tailerrak familientzat, mahai-inguruak eta parte hartzeko ekimenak izango dira aurten. 

Bohemia izenburua daraman nazioarteko jaialdiaren protagonistak Gustav Mahler, Antonín Dvořák, Bedrich Smetana eta Leoš Janáček musikagileak izango dira, Txekiar Errepublikako eskualde horren inguruko ordezkariak guztiak ere. Musika-Musicaren 16. edizioan, gainera, Euskal Herriko musikagile bati eskainitako espazioa zabalduko da; aurten Pablo Sarasate aukeratu dute. 

Jaialdiaren berrikuntzak eta zehaztasunak azaldu zituzten prentsaurrekoan Bilbao 700 Fundazioaren Patronatuko Presidentea den Juan Mari Aburto Bilboko lkateak eta Miren Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazioko zuzendariak. 

Prentsaurrekoan Juan Mari Aburtok adierazi zuenez "Musika-Musica gure uriaren beste erreferente bat da, bilbotarren agendan sustraitua. Ekitaldi kulturaletik haratago doan jaialdia, gure mugak gainditzen dituen inpaktu sozial, ekonomiko eta hiri-irudiarekin lotutako eragin handiko hitzordua delako". 

Alkateak herritar guztiak animatu zituen gaur egun Bilboko zortzi barrutietan egiten den 2017ko Musika-Musica jaialdiko Auzoz Auzo zikloan parte hartzera. Izan ere, aurtengo edizioan, Auzoz Auzo programak ekitaldiarekin lotutako musika eta kultur emanaldiak zortzi barrutietara hedatuko ditu.

Miren Josune Ariztondo, Bilbao 700 Fundazioko zuzendariak, aurtengo edizioko programa zehaztu zuen, azpimarratuz Musika-Musica jaialdiak "era guztietako publikoarengana heldu nahi duela, bai aditu eta jakitunengana, bai musika klasikora aurrenekoz hurbiltzen direnengana". 

2017ko Musika-Musica jaialdia Euskalduna Jauregian ospatuko da gaurtik igandera.

 

Nobedadeak

Aurtengo edizioan zenbait nobedade daude, bai formatuaren aldetik, bai edukienetik. Urtarrilaren 20an jakitera eman zenez, jaialdia iragartzen duen kartela da aurreneko nobedadea. Bilbao 700 Fundazioaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearen arteko lankidetza-hitzarmenari esker, fakultate horretako ikaslea den Haizea Garciak egin du kartela.

Bohemiatik Bilbora izeneko umeentzako tailerra izango da beste nobedade bat, Barria Aretoan programatuko dena. Julene Lekunberri eta Erlantz Sanz izango dira jarduera gidatuko dutenak Paula Perezen moldaketa instrumentalekin eta ARTEBIko musikarien interpretazioarekin.

Bestalde, kontzertu bi egongo dira familientzat: Tik-Tak Denbora eta Paisajes de Bohemia. Lehenengoan Julene Lekunberri eta Janire Soldevilla aktoreak arituko dira Arima Kamerata-Behotsik Orkestrarekin. Paisajes de Bohemia familientzako kontzertuan, berriz, Maider Abasolo eta Anna Jacas narratzaile arituko dira Taber Hirukotearekin. 

Cesar Coca kazetari eta kultur gaietako adituak zuzendutako El abrazo de las artes izenburua duena izango da 2017ko programazioko esperientzia berrietako bat. Saio honetan musika eta bestelako adierazpide artistiko bat (zinema oraingo honetan) kultur zabalkunderako espazio bihurtuko dira, euren sinergien bidez.

Horrez gain, hitzaldiak eta topaketak artistekin, bertatik bertara ezagutzeko artisten egunean egunekoa, entseguen errutina eta ibilbide profesionalak… mahai-inguruetan, berriz, gaur egungo musika klasikoaren eta 2017ko Musika-Música jaialdiko gaien inguruan eztabaidatu eta gogoeta egingo da. 


Topaketak artistekin

Martxoaren 4an, 13:00etan, B Terraza Aretoan.
-Carlos Goikoetxea eta Josep Colom (pianoa).

Martxoaren 4an, 18:30ean, B Terraza Aretoan. 
-Janáček eta Dvořákekin hizketan. Hizlaria, Mercedes Albaina.
Aragoiko goi mailako kontserbatorioko musikalariekin.

Martxoaren 5ean, 13:00ean, B Terraza Aretoan.
- Topaketa Natalia Ensembleko artistekin.


Mahai-inguruak
Martxoaren 2an, 18:30ean, B Terraza Aretoan.
Bohemia
Mercedes Albaina, Joseba Lopez Ortega, Borja Pujol eta Patricia Sojo.
Moderatzailea: Joseba Iriondo.

Martxoaren 3an, 18:30ean, B Terraza Aretoa.
Música clásica en la sociedad del siglo XXI
Maria Espada, Eugenio Etxebeste, Martin Llade eta Felix Palomero.
Moderatzailea: Iñigo Alberdi.

 

Sarreren salmenta 

Sarreren salmenta otsailaren 14an hasiko da ohiko lekuetan eta prezioak 4-12 euro bitartekoak izango dira. 

www.bilbao700.eus

www.ticket.kutxabank.es

www.euskalduna.eus