Iaz, guztira, 345.015 mailegu egin ziren, 972 inguru egunean; 2015arekin alderatuta, %24ko gorakada izan da; urte hartan 277.744 mailegu egin ziren, 785 inguru egunean. 2016ko abenduaren 31ra arte, guztira, Bilbon Bizi 2012tik aurrera Bilbon abian den bizikleten mailegu automatikoaren zerbitzuan erabiltzaile gisa erregistratutako pertsonak 15.623 izan dira. Horietatik, erabiltzaile berriak 2.283 izan ziren.
Une honetan Bilbon Bizi Udal Zerbitzuak 250 bizikleta ditu eta Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak aurreratu duenez, "datorren urtean Bilbon Bizi zerbitzuak unitate elektrikoak izango ditu".
2016. urtearen amaieran, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak 100 bizikleta berri jarri zituen Zerbitzuaren esku; bizikleta berriek daukaten berritasunetako bat da atzeko gurpila zulatuen aurkakoa dela. Bizikleten flota handitzeko, 52.000 euro inbertitu dira. Erosketa hori Energiaren Euskal Erakundeak lagundu du diruz, Garraio eta Mugikortasun Eraginkorrerako Inbertsioetarako Laguntzen Programaren bidez.
Gainera, iaz bizikletak hartu eta uzteko puntu berri bi gehitu zitzaizkion lehendik zeuden 29 puntuei. Bat Mariaren Bihotza plazan dago eta bestea Sabino Arana Etorbidearen goiko aldean.
Arriaga plaza, erabiliena
Bizikletak hartu eta uzteko 31 puntuetatik Arriaga plazakoa da erabiliena: 38.577 bizikleta hartu dira maileguan eta 48.817 itzuli.
2011n Bilbon Bizi abian jarri zenetik, erabiltzaileen profila, zerbitzua gehien erabiltzen diren egunak eta orduak eta bestelako adierazleak antzerakoak izan dira urtez urte. Denbora-tarteei dagokienez, 12:00etatik 16:00etara eta 17:00etatik 20:00etara dira erabilerarik handienekoak; eguaztena eta eguena erabilera handieneko egunak eta urria, maiatza eta ekaina erabilera handieneko hilak. Horiek horrela, "badirudi Bilbon Bizi gehiago erabiltzen dena garraiobide modura aisiarako baino", Alfonso Gilen esanetan.
Bilbon Bizi zerbitzua urteko 355 egunetan erabil daiteke, Aste Nagusian ez baita zerbitzurik eskaintzen.
Erabiltzaileen profilari dagokionez, zerbitzua erabiltzen dutenen %70 gizonezkoak dira (guztira, 242.216 pertsona) eta % 29 andrazkoak (102.787 pertsona). Beste datu bat: zerbitzu hori erabiltzen duten pertsona gehienak, 326.788 guztira, Bilbon bizi dira, eta 16.791 pertsona Bilbotik kanpokoak dira.
Adina kontuan hartuta, 75 urtetik gorako pertsonek 2.683 joan-etorri egin dituzte eta 18 urtetik beherakoek 625. Horren harira, 30 eta 44 urte bitarteko pertsonak dira zerbitzua gehien erabiltzen dutenak. Zerbitzua erabiltzeko gutxieneko adina 16 urte da.
Alfonso Gileek azpimarratu duenez, "urteko gutxieneko kuota kobratzen hasi garenetik erabiltzaile batzuk zerbitzua utzi dute; izan ere, izena emanda egon arren ez zuten Bilbon Bizi erabiltzen eta, ondorioz, erabiltzen ez zuten zerbitzua ez ordaintzeko inskripzioa baliogabetu egin dute. Hortaz, zerbitzua benetan erabiltzen dutenak bakarrik dute izena emanda zerbitzuan eta horrek %24ko gorakada izan du aurreko urtearekin alderatuta".
100 bizikleta gehiago
Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak Eko-Totema du jarrita Udaletxe aurrean, sentsore baten bidez pasatzen diren bizikletak detektatzen dituen sistema, alegia. Sistema horren bidez, bidegorriaren erabilera aztertu eta egunean nahiz urtean hortik pasatzen diren bizikleten kopurua neurtzen da, datu zehatzekin: Zazpi Kaleetarantz eta Deusturantz doazen bizikletan kopurua, eguna eta ordua.
Herritarrak bizikletaren erabileraz sentsibilizatzeko eta bizikleta hiri-garraio jasangarri erabilgarria dela agerian jartzeko honen moduko sistemak badituzte Europako beste hiri batzuek. Hala nola, Varbergek (Suedia), Fribourgek, Karlsruhek, Offenbourgek (Alemania) eta Bartzelonak.
Bada doan deskargatzeko App Bilbon Bizi aplikazioa dago, euskaraz eta gaztelaniaz; honen bidez, puntu bakoitzean erabilgarri dauden bizikletak eta euskarriak zenbat diren ikus daiteke.