Torturaren aurka manifestazioan parte hartzera deitu du Sortu alderdiak

uriola.eus 2017ko ots. 13a, 08:00

Arriaga Plazatik Salveko kuartelera egingo dute martxa arratsaldean. Sortuk egindako deialdi nazionalarekin bat egin du Ernai gazte antolakundeak. 

Torturaren Aurkako Eguna da gaur, otsailak 13. Gaur bezalako egun batez, 1981ean, Espainiako Polizia Nazionalaren eskutan hil zen tortuparean Joxe Arregi.

Ernairen arabera, otsailaren 13a "beti oso latza dela ikusi dugu Joxeren gorpu ubelduan, Joxean eta Joxiren lur azpiko hezurretan. Unairen aurpegian, Nekaneren telefono deian, Itziarren gutunean, Igor eta Mattinen ospitaleko argazkian. Presente dago ezabatutako muraletan, herri honen historia liburuetan".

Ez dago presente ordea mahai gainean, Ernaik salatu duenez. "Batzuen hautsez betetako apaletan gorderik dago oraindik. Memoria eta justiziaz ahoa betetzen duten demokraten apaletan. Hamarkada askotatik itxita dauden apal bertsuetan. Zirrikitutik errealitatea sartu nahi arren, giltzaz itxita duten apal horietan".

Euskal Memoriak egindako ikerketa lanean 5.500 tortura kasu probatu zituzten iaz. Euskal Herriaren historian egondako atxiloketen %78n emandako tortura kasuak probatu dituzte. Mezu batean Ernaik adierazi duenez, "badakigu ordea, gehiago gertatu zirela eta horietako asko historiaren ilunetan gelditu direla".

Zenbaki horiek ez dira "Urkulu eta Jonan Fernandezen txostenetan" agertzen. "Tortura sufritu dutenak bigarren edo hirugarren mailako 'biktimak' dira. Lehenak, nola ez, betikoak. Memoriaren liburua falta diren pasarteekin idatzi nahian dabiltza, beste behin ere".

Gaur egun memoriaren bataila "inoiz baino goriago" dago. "Ahanzturan eta bazterrean utzi nahi dute herri honen askapen borrokaren historia. Distortsionatua, bortxatua eta kriminalizatua. Askapen borroka garaitu dutenaren mitoa daukate titulartzat. Guk ordea etorkizunez betetako memoria daukagu. Pasartez pasarte eta esaldiz esaldi gabiltza iraganetik oraina eraikitzen, etorkizun hobe baten bila. Hautsez betetako apaletatik at, gure egunerokoan jarraitzeko hautua egina dugu".

 

Lau guardia zibilen aurkako epaiketa

Martxoaren 14tik 16ra Sandra Barrenetxea bilbotarra torturatzeaz akusatuta epaituko dituzte Bilbon lau guardia zibil. 2010ean bederatzi lagun atxilotu zituzten Euskal Herrian; horietako bat zen Barrenetxea. Denek salatu zituzten torturak. Barrenetxearen salaketa da aurrera egin duenetako bat.

"Errealitatea da" tortura Barrenetxearen esanetan. "Gure herrian urtetan luzatu dena. Denok jakin dugu isiltasun politiko eta mediatikoa izan arren". 

Martxoaren 11n Bilbon manifestaziora dei egin du indar polizialek torturatutako herritar talde batek "aitortza, errepazioa eta ez errepikatzeko bermea" aldarrikatzeko, "elkarbizitzan oinarrituko den gizartea eraiki behar badugu egia osoa ezagutzea beharrezkoa delako".