1888ko otsailaren 12an jaio zen Clara Campoamor. Atzo bere jaiotzaren 129. urteurrena gogoan izan zuten Clara Campoamor elkarteko kideek Zorrotza auzoan politikari feministaren izena daraman kalean.
"Justizia egin da Clara Campoamorrekin", zioen elkarteko presidente Blanca Estrella Ruizek atzoko ekitaldian Bilboko kale-izendegian Campoamorren izena eransteri buruz. "Emakumeen oinarrizko eskubideen alde borrokatu zen Campoamor. Emakumeentzako boto eskubidearen alde. Feminismoaren ikur da".
Alfonso Gil zinegotzi sozialistak ere parte hartu zuen ekitaldian. "Belaunaldi berriek ezagutu beharreko pertsona da" Campoamor, Gilen arabera.
Izen berria
Lehen Hermogenes Rojo kalea zena, Clara Campoamor kalea da egun. Zazpi plaka berri paratu ditu Udalak Clara Campoamor izen berriarekin. Aldaketa horrekin Bilboko Udalak Memoria Historikoaren Legea "betetzea" eta Bilboko kale-izendegian "emakume ospetsuen izenak sartzea" izan du xede.
Aldaketa otsailaren 1ean sartu da indarrean. Zortzi atariri eragin dio. Horietatik lau eraikinetan 90 etxebizitza, 203 biztanle, merkataritzako 10 lokal eta ostatu bi daude. Beste lau zenbakiak Kiroldegikoak eta Udal Bulego Administratibokoak, futbol-zelaikoak, Bizkaia Anbulantzien eraikinekoak eta orube batekoak dira. Denei helarazi die Udalak kalearen izen aldaketaren informazioa.