'Cabieces auzian' epai judizialarekin kontsekuente izateko eskatu die EAJ, PP eta PSEri akusazio partikularrak

uriola.eus 2017ko ots. 14a, 10:00

Hasi da Bizkaiko Auzitegi probintzialean Mikel Cabieces, Mario Fernandez eta Rafael Alcortaren aurkako epaiketa. Akusazioa partikularra osatzen duten elkarteak pozik agertu dira "Kutxabankeko iruzurraren egile zuzenak akusatuen eserlekuan eseriarazi" dituztelako. Iruzur hauei "bide eman zieten alderdiei" eskatu diete arduratsu jokatzeko eta epai judizialarekin kontsekuente izateko. 

Hiru eguneko epaiketa aurreikusita dago. Gaur Cabieces, Fernandez eta Alcortak deklaratuko dute eta bihar eta otsailaren 17an lekukoek. Akusatuek "buruturiko delituengatik ordain dezatela eskatuko dugu", adierazi du Ana Perez STEILASeko kideak Bizkaiko Auzitegi probintzialeko atarian. STEILASek osatzen du akusazio partikularra LAB, ESK, HIRU, EHNE Bizkai, EKA/OCUV eta Pentsionistak Martxanekin batera. 

Bi eta hiru urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte akusazioek, dirua bidegabe erabiltzeagatik. Defentsako abokatuek, ordea, auzia artxibatzeko eskatu dute, argudiatuta Kutxabankek uko egin ziola akusazio gisa aurkezteari.

Baikorrak dira akusazio partikularreko kideak. Izan ere, ziur daude akusatuen defentsak ezingo duela lotu Cabiecesek kobratzen zuen ordainsaria zerbitzu bat ematearekin: "Existitu ez den lan prestazio bategatik izan da, beraz, ezingo dute inolaz ere frogatu". 

Cabieces, Fernandez eta Alcorta akusatuen aulkian eseriaraztearekin ez da amaitzen akusazio partikularraren bidea. Hasieratik eskatu dute "errudun materialek ez ezik bultzatzaile politikoek ere ardura politiko eta penalak onar ditzatela". Horregatik gaurko agerraldian eskaera "argia" egin diote EAJ, PP eta PSEri: "Ez zaitezte koldarrak izan, eta zuzeneko egileen iruzurra frogatzen denerako, eman ezazue pauso bat aurrera. Ate birakariak, mesede tratuak eta Kutxabanken egindako iruzurra eta Euskal Kutxak pribatizatzea erabaki dutenen erabaki politikoak dira. Orain, iruzur hauei bide eman zieten alderdiak ez badira epai judizialarekin kontsekuenteak era arduragabe jokatzen badute, koldarkeria politikoa erakutsiko dute". 

Cabiecesi emadako "mesede tratua" eta Kutxabank "kapital pribatuari saltzeko estrategia" EAJ, PP eta PSEk "jasotzen duten abantaila partidistaren" baitan kokatu dute. "Alderdi hauen arteko akordioak beraien onurarako izan dira", salatu du Perezek.

Berriro ere exijitu dute akusazio partikularreko eragileek Euskal Kutxen eta Kutxabanken "pribatizazio prozesuan atzera egitea, entitate hauen izaera sozial eta publikoa indartzea eta langileon, aurrezleon eta euskal jendartearen interesen aurkako ekintzak sustraitik moztea".