Eva Guerrero dantza konpainia izan da Karrikan plataformaren laguntza deialdiaren irabazlea

uriola.eus 2017ko ots. 14a, 09:30

El fin de las cosas Eva Guerreroren dantza garaikidearen pieza aukeratu dute Karrikanen lehen ediziora aurkeztutako zortzi proiektuen artean. Karrikan Euskal Herriko kaleko arteen sorkuntza bultzatzen duen plataforma da. Eva Guerrero bilbotarrak zuzendu eta Garazi Lopez de Armentiak eta Aritz Lopezek (biak gasteiztarrak) antzeztutako lana izan da Karrikaneko kideek gehien balioetsi dutena, haren originaltasuna, planteamenduaren beharkizun artistikoa eta proiektuaren bideragarritasuna arrazoi nagusitzat hartuta.

Karrikan plataforma 2016an sortu zuten Bilboko, Gasteizko, Iruñeko, Zarauzko eta Hendaiako udalek, Errobi-Hameka mankomunitateak eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki sustatzaileak, eta Pirinioen alde bietan kaleko eszena-arte sorkuntzak bultzatzea eta laguntzea izan dute helburu. Karrikanek Akitania-Euskadi-Nafarroa euro-eskualdearekin hitzarmena izenpetu du, Pirinioetako alde bietako eragileen artean lankidetza-proiektuak sustatu eta eskualdeen arteko harremanak sendotzeko, bertako garapena laguntzeko jarduerak egiteko.

Honakoak izango dira Eva Guerrerori emandako laguntzak: 14.500 euro, hiru sorkuntza-egoitzetan egoteko laguntza eta programazioa Hendaiako Mai du Théatreko jaialdietan, Leioako Umore Azokan, Gasteizko KaldeArten, Bilboko Kalealdian, Zarauzko Kalerkin, Iruñako Festival de la Murallan eta Abian! Hameka kaleko Arteen Lantegian aurkezteko. Administrazio-aholkularitza ere izango du, konpainiaren beharretara egokituta.

El fin de las cosas oraindik sorkuntza-prozesuan dago eta hauek ditu mintzagai: aldagaiak, konpasa galtzeak, kasualitateak eta erritmo aldaketaren egoeran bizi diren mutil baten eta neska baten etorkizuna; erritmo aldaketa horrek egunerokoan ondorioak izatean, bakoitzak jarrera ezberdina hartzen du. Pieza urtarrilaren eta maiatzaren bitartean sortuko da Karrikanek bideratutako hiru arte-egoitzetan. Horietako lehenengoa Louhossoan (Lapurdi) dagoen Hameka kaleko Arte-lantegia izango da, otsailaren 28tik martxoaren 11 bitartean. Hurrengo biak Harrobian (Bilbo) eta Hendaian izango dira. Obraren estreinaldia maiatzaren 20rako aurreikusita dago Hendaiako Mai du Théatreko jaialdian.

Karrikanen bigarren edizioa udaberrian deituko dute, Euskal Herrian instalatu eta espazio publikoan jardun eta sortzen ari diren edo profesionalizatzeko bidean dauden talde, artista eta konpainien sorkuntza originalak laguntzeko helburu garbiarekin. Zuzeneko ikuskizunen diziplina oro onartuko dira: antzerkia, dantza, zirkua, hainbat diziplina nahasten dituztenak eta abar, testurik gabeko edo euskarazko proiektuei lehentasuna emanez.

Euskal Herrian kaleko arteen egoeraren ikuspegi bateratua eman nahi du Karrikanek, egoera horretan azaltzen baita kaleko arteetan sorkuntzaren aldeko laguntza gehiago behar direla, bereziki sortzen ari diren konpainia edo artistentzako, eta horrela osatu nahi dira alor horretan dagoeneko dauden laguntzak.

Informazio gehiagorako: www.karrikan.eu